Aiaraldean aspalditik oso presente egon den kirola da eskalada. Hain zuzen ere, Fraileburun ireki zen Euskal Herriko lehenengo eskalada bidea. Angel Sopeñak erdietsi zuen balentria hura, 1924an. Geroztik asko izan dira eskaladaren munduan murgildu diren Aiaraldearrak.
Eskalada praktikatzeko lekuak ere ugaritu egin ziren eskualdean. Guztien artean, Bitorikako Kanterak hartu zuen sona handiena. 1974an erabili ziren eskalada teknikak lehendabiziko aldiz Aretako kareharri horma txiki horretan, eta 1984an ekipatu zen bertako lehenengo eskalada bidea. Hurrengo urteetan Laudioko eta inguruko eskalatzaileek bide berriak irekiz joan ziren. Gaur egun 4b eta 7a mailen arteko 38 bidek osatzen dute Bitorikako eskalada eskola.
Eskaladaren zaletasuna hedatzen joan ahala, kirola estalpean praktikatzeko espazioak ere sortzen joan dira. Gehienak ekimen pribatukoak; mendizaleek euren etxeetan edota lagun artean kudeatutako lokaletan egokituak. Baina badira ere espazio publikoetan eraikitako rokodromoak, eskalatzaile askoren lehen urratsen lekuko izan direnak. Berriki inauguratuko diren Laudioko rokodromoak eta Urduñako boulderrak zerrenda hori gizenduko dute.
Victor Cuadra eskarmentu handiko alpinista amurrioarra izan zen Matias frontoiko rokodromoaren instalazioaren bultzatzaile nagusienetako bat
Hastapenak Amurrion
Aiaraldean egokitutako lehenengo rokodromoa Mendiko Eskolako frontoian zegoen kokatuta. Mendiko Lagunak taldearen inguruan mugitzen ziren mendizale eta eskalatzaile gazte batzuek sustatu zuten proiektua 1980ko hamarkadan, Udalaren babesarekin. Victor Cuadra, eskarmentu handiko alpinista amurrioarra, izan zen rokodromoaren instalazioaren bultzatzaile nagusienetako bat.
Urtebete lehenago, Mendiko Lagunak Taldearen urteurren festaren testuinguruan, eskalatzeko egurrezko egitura txiki bat jarri zuten herriko plazan. “Haurrek erabiltzeko egitura zen nagusiki. Arrakasta handia izan zuen, eta eskalatzeko azpiegitura baten beharraren isla ere izan zen”, gogoratu du Patxi Lasarte mendizaleak.
Matiaseko rokodromoa “nahiko sinplea” zela azaldu du Lasartek; “zintzilikatzeko pare bat bilera zituen, eta eskalatu zitezkeen lau bide". Andoni Barrosok izan zuen eskalada horma apaintzeko ardura. Izan ere, berak diseinatu zuen paretari kolorea ematen zion Cervino mendiaren marrazkia.
“Garai hartan ez genuen oso gogoko leku estalietan eskalatzea. Eguraldi txarrak besterik uzten ez zuenean erabiltzen genuen rokodromoa”, azpimarratu du Lasartek. “Orain arreta jartzen zaio desplomeari edo bestelako kontu teknikoei. 1980ko hamarkadan altuera zen gehien estimatzen genuena.
Urte batzuk geroago, Refor industriagunean ireki zuten boulder berri bat. Bertan jendetza elkartzen zela gogoratu du Andoni Barrosok. Bañueta kiroldegia eraiki zutenean azpiegitura bertara mugitu zuten, eta bertan dago oraindik erabilgarri.
Rokodromoak kiroldegietan
Amurrioko Bañueta kiroldegia ez da eskalatzeko azpiegitura duen bakarra, Orozkoko kiroldegian duela 15 urte gozatzen dute eskaladarako gune batekin. Lauren Olabarria eskalatzaile orozkoarrak bultzatu zuen rokodromoaren egitasmoa. Udalari proiektua aurkeztu eta horma bat atondu zuen frontoiko bazter batean. Azpiegitura berriak herriko gazte ugari erakarri zituen. Ibai Isusi izan zen gazte horietako bat, eta denboraren poderioz haurrei eskalada eskolak emateari ekin zion bertan. “Ikastaroekin hasi ginenean espazioa handitzeko beharra helarazi genion Udalari”, azaldu du Isusik. Gauzak horrela 2018an horma eta presa berriak jarri zituzten. Mantentzea eta espazioaren kudeaketa rokodromoko erabiltzaileen artean egiten dute; “gu arduratzen gara presak garbitzeaz eta blokeak aldatzeaz”.
Artziniegako kiroldegia da boulderra duen eskualdeko beste kirol instalazioetako bat.
Eskalada autogestionatua
Eskaladaren zaletasuna oso presente egon da eskualdeko gune autogestionatuetan, Orbeko Etxeko boulderra da horren adibiderik argiena. Gardeako etxeko ganbaran eraiki zuten azpiegitura 2003an. Etxe okuparen inguruan ibiltzen zen jendea hasi zen espazioa egokitzen, eta gutxika jende berria batzen joan zen.
Boulder “txiki baina potentea”; horrela definitzen dute kudeaketaz arduratzen den Orbeko Mendi Taldea asanbladako kideek. Zortzi pareta ditu, inklinazio eta zailtasun desberdinekoak. Presak ere mota desberdinetakoak dira: ohiko material sintetikokoak, egurrezkoak, harrizkoak... Autokudeatzen den espaziotzat daukate Orbekoko kideek; “eskalatzeagatik ez da kuotarik ordaindu behar, nahi eta ahal duzun horretan laguntza eskaintzearekin nahikoa da”. Mantenu eta erabilerari buruzko edozein erabaki kide guztien artean hartzen dute. Eskaladari lotutako ekintzak ere ez dira falta Orbeko etxearen inguruan. Eskaladarekin erlazionatutako hainbat ikastaro eskaini dituzte. Ekainean boulder txapelketa egin ohi dute, etxearen urteurrenaren testuinguruan.
Urduñako gazteek ere ez zioten iskin egin leku itxietan eskalatzeko afizioari. Duela urteak herriko gazte talde batek lokal bat zeukan alokatuta eskalada praktikatzeko, baina denboraren poderioz erabiltzeari utzi zioten. Boulder horren lekukoa Urduñako gazte Asanbladak 2012an okupatutako Gaztetxeak hartu zuen.
2014an, aurretik lokal horretan ibiltzen ziren gazteen laguntzaz, bertako eskalada presak berreskuratu zituzten eta eskalatzeko espazioa atondu zuten Gaztetxeko gela batean. Mugalde tabernan utzi zuten boulderreko giltza herriko gazte guztien eskura: “Txartel moduko batzuk prestatu genituen eta erabiltzaileen artean banatu. Elkarte baten antzeko funtzionamendua zuen, baina doakoa”, gogoratu dute garai hartan Gaztetxearen inguruan elkartzen zirenak. Bi hilabetean behin elkartzen ziren asanbladan espazioaren kudeaketaz hitz egiteko. Ekintza publikoak ere egin zituzten; Gazte Egunetan zein Gaztetxe Egunetan boulder txapelketak prestatu zituzten arrakasta nabariarekin.
Urduñako Eskalada Taldea
Eskaladaren grina ez da eten Urduñan. Eskalatzaile talde batek Txarlazo Mendi Taldearen barruan eskalada atala sortu zuten duela bi urte. Lanbide Heziketa Eskolan boulder bat eraikitzea dute helburu, “Urduñako eskaltzaileen beharrei erantzuteko”.
Urduñako Udalarekin harremanetan jarri eta espazioa egokitu zuten iaz. Ibai Aspizua da proiektuaren bultzatzaileetako bat. Aspizuaren hitzetan “auzolanean” ari dira obra egiten eta aurki egongo da erabilgarri. Zaraobe Institutuko ikasleak ere proiektura batu dituztela azaldu du Aspizuak, eta boulderreko zenbait pieza ekoizten aritu dira (panelak, habeak...). “Aste honetan bukatu dute azken piezarekin, eta boulderraren eraikuntza azken fasean sartu da”.
Webgune bat garatzen ari dira espazioaren erabilera kudeatzeko. Aurreikusi dutenez, giltza bat utziko dute Alondegian Internet bidez izena-eman dutenek har dezaten. “Herriko eskalatzaileen elkargunea izatea nahiko genuke, baita Aiaraldeko gainerako proiektuekin harremanetan jartzea ere. Eskalada ikastaroak antolatzea ere aurreikusi dugu, herriko haurrentzako” nabarmendu du Aspizuak.
Laudioko Rokodromoa
Rokodromo berri batez gozatzeko zorian dagoen udalerria da Laudio. Urteetako gabeziari erantzuna emango diote martxoaren 18an Lateorroko frontoian inauguratuko duten ekipamenduarekin. Haitzetan Gora Mendi Talde sortu berriak kudeatuko du espazioa, “Laudioko eta bailarako eskalada eta mendizaletasuna sustatzeko helburuarekin sortutako mendi klub berria”.
Urteetako gabeziari erantzuna emango diote martxoaren 18an Latiorroko frontoian inauguratuko duten eskalada gunearekin
Hasiera batean Goikogane Mendi Taldearekin nahi zuten kudeatu rokodromo berria, baina ezinezko izan zen hori eta klub berri bat sortu dute Laudion. "Gure lehen helburua zen Goikogane Mendi Taldeak hartzea bere gain proiektua eta guk horren barruan lan egitea, herriko mendi talde historikoa baita. Dena den, azken unean uko egin ziotenez egitasmoari, talde berria bultzatu dugu, eskaladan zentratuta", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Arkaitz Ereño Haitzetan Gora elkarteko presidente izendatu berriak. 4,2 eta 8,7 metro arteko altuera daukate eskalada hormek. Bertan 39 bloke, 36 bide eta bi ibilbide egokitu dituzte. “Hiru hilabetean behin enpresa espezializatu batek aldatuko ditu bideak eta blokeak, erabiltzaileentzat dinamikoagoa izan dadin”, nabarmendu du Ereñok.
Espazioa bera leku bizi bezala irudikatu du Ereñok: “Ekintza desberdinak egin nahi ditugu, jendea erakartzeko eta espazioa zabaltzeko”. Bide horretan eskalada hastapen ikastaroak eskainiko dituzte, eskalada eskola bat sortuz bertan. Udalerriko ikastetxeekin ere abiatu dute lanketa, ikasleak Granja kirolgunera doazen modu berean, Latiorroko rokodromoa ere eskola orduetan erabil dezaten. “Aurreikuspenen arabera datorren ikasturtean hasiko gara espazioa ikastetxeentzako erreserbatzen”.
Haitzetan Gora Mendi Taldearen asmoa rokodromoa egunero irekitzea da, 09:00etatik 22:00etara. Hori bai, lehenengo hilabeteetan pertsona bakarra egongo denez lanean, martxoa eta ekaina bitartean rokodromoa astelehenetik ostiralera egongo da irekita 17:00etik 22:00ak arte. Larunbatetan ordutegia zabalagoa izango da, 10:00etik 14:00ak arte eta 17:00etik 22:00ak bitartean.
Okondo
Okondon ere antolatuta daude eskalada zaletuak. Duela 10 urte baino gehiago boulder txiki bat atondu zuten Futbol zelaiko aldagela batean. Pandemia garaian berpiztu zuten azpiegitura lau eskalatzaile okondoarrek, eta materiala espazio berri batean egokitu dute. “Herriko gazteak ere hurbildu egin dira, eta klub baten moduan funtzionatzen du, kuota txiki bat ordaintzen dugu materiala berritzeko”, azaldu du Ivan Alavarezek, proiektuan murgilduta dagoen kideetako bat.
Boulder “gogorra” dela azaldu du Alvarezek: “Hormak 30 graduko inklinaziora iristen dira”. Udalak, ordea, aurki botako du azpiegitura kiroldegi berria eraikitzeko, eta eskalatzaile okondoarrek rokodromoa kiroldegi berrira eramateko asmoa dute.