Aldarri feministek hartu dituzte Aiaraldeko kale eta errepideak goizean

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 14:33

Aldarri feministekin jantzi dira eskualdeko kale eta errepideak Martxoaren 8aren testuinguruan. Aiaraldeko Mugimendu Feministak deitutako auto karabana izan da goizeko ekintza nagusia, baina deialdi gehiago ere egon dira. Arratsaldean mobilizazio jendetsuen txanda izango da.

Arratsaldeko manifestazio jendetsuen aurretik, eskualdeko kale eta errepideak aldarri feministekin bete dira Martxoaren 8aren testuinguruan. 

Aiaraldeko Mugimendu Feministak Madres Mercedarias egoitzako langileekin batera antolatutako auto karabana izan da goizeko ekintza nagusia. 12:00etan dozenaka ekintzaile feminista abiatu dira Urduñako autokarabanen aparkalekutik, eta eskualdeko herrigune nagusiak zeharkatu dituzte, "zaintza sistema publiko komunitarioa" aldarri.

Laudion erakundeek eta Mugimendu Feministak ekitaldi bereizituak egin dituzte. 12:00etan Laudioko udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztien artean irakurri dute Martxoak 8ko adierazpen instituzionala. 13:00etan, aldiz, Laudio Institutuko ikasle talde bat errepidera atera da Mugimendu Feministaren auto karabanari ongi etorria egiteko.

Aipatzekoa da institutuko arte ikasleek eta bertako talde feministako kideek murala margotu dutela ikastetxean.

Aiaran herriko emakumeei buruzko liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena egin dute nagusien egoitzan. Artziniegan, aldiz, elkarretaratzea egin dute Toñin Luengas frontoian, arratsaldeko jarduerei heldu aurretik.

Aiaraldea Komunikabidea egunaren zuzeneko jarraipena ari da egiten Twitter bidez.

Argazkiak: Aitor Aspuru Saez, Aitor Burgoa Martinez, Aimar Gutierrez Bidarte eta Izar Mendiguren Cosgaya

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide