Asteburuan ekingo diote Arabako XLVIII. bola txapelketari. Kexaako eta Beotegiko bolatokietan egingo dituzte lehengo tiradak, martxoaren 11n eta 12an. Ohikoa den bezala, eskualdeko elkarte guztiak batu dira txapelketaren antolakuntzan: Aiarako Bolatoki Kluba, Ruperto Urquijo Bolatoki Kluba, Txolope Kluba, Tertangako Bolatoki Kluba, Lekubatxe Kluba eta Okondoko Bolatoki Kluba.
Arabako txapelketako lehenengo sailkatuak jarraian jokatuko den Euskal Herriko txapelketara igaroko dira. Hauek dira txapelketaren datak eta bolatokiak:
- Martxoak 11, 12: Kexaa eta Beotegi
- Martxoak 25, 26: San Juan eta Gardea
- Apirilak 1, 2: Urduña eta Tertanga
- Apirilak 15 eta 16: Luiaondo eta Lendoñobeiti
- Maiatzak 20 eta 21: San Roke bolatokia, A eta B
Jaurtiketa gehiago
Arabako txapelketatik kanpo, Aiarako zaletuek jaurtiketa antolatu dute datorren astebururako. Martxoaren 18an eta 19an San Jose Jaurtiketa egingo dute Luiaondoko bolatokian. Larunbatean 18:00etatik 20:00etara egongo dira jolasean; igandean, aldiz, 11:00etatik 13:00etara.