Larunbatean Elorrion aurkeztu ostean, atzo zabaldu zuen Ernaik Orainari abestia, hau da, aurtengo Gazte Topaguneko kanta.
Egileak Süne eta Moonshine Wagon dira. Josune Arakistain Huntza taldeko abeslariaren bakarkako proiektua da Süne. Berak eginkizuna jaso ostean, Moonshine Wagonekin jarri zen harremanetan, Goiatz Dutto talde horretako kideak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez.
Elkarlana otsailean hasi zen eta, Duttok aipatutakoaren arabera, Arakistainek ideia bidali zien eta gero Luiaondon landu zuten, hau da, Goiatzen etxean bertan.
Emaitza entzungai dago, eta Arakistainen ahotsarekin batera entzun daiteke Duttoren bibolina. Laudioko musikariak gaineratu du lehen aldia dela Moonshine Wagonek bere musika soinu elektronikoekin nahastu dituela.
Esperientzia "polita eta bitxia" izan dela gaineratu du Duttok. Halaber, jakinarazi du bideoklipa aurkezpenaren aurreko astean grabatu zutela.