Iker Colmenerok parte hartze bikaina izan du Aiarako Biraren lehen bi etapetan

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 13a, 12:00

Azken unera arte lehiatu zen Colmenero Arespalditzan garaipena lortzeko. / Aiarako Bira

Larunbatean hasi zen Aiarako Birako XXXIII. edizioa eta eskualdeko txirrindulariek parte hartze positiboa izan zuten. Hain zuzen, Iker Colmenero bigarren sailkatu zen lehen etapan eta bosgarrena da sailkapen orokorrean. Aiara Txirrindularitza Elkarteko taldea, gainera, bigarrena da.

Larunbatean hasi zen aurtengo Aiarako Bira Arespalditzan. Arratsaldean egindako etapa Iñaki Isasiren omenaldiarekin abiatu zuten, berak moztu baitzuen zinta. Halaber, Estela Dominguez eta Jose Antonio Mur gogoratu zituzten, minutuko isilunearekin.

Behin lasterketa hasita, erorketa txikiak gertatu ziren eta berdintasunak azken birara arte iraun zuen. Azken txanpa horretan zortzi txirrindularik egin zuten ihesaldia eta Adrian Prieto irabazlearen ostean Iker Colemenero Aiaraldeko kirolariak zeharkatu zuen helmuga. Horri esker bigarren kokatu zen sailkapen orokorrean eta mendiko zein Arabako maillotak jantzi zituen.

Atzoko hitzordua Amurrion izan zen eta hasiera mugitua izan zen berriro, erorketak egon baitziren. Ondorioak ez ziren larriak izan, baina artatu behar izan zituzten txirrindulariak.

Etaparen erdian, Iker Colmenerok eta beste txirrindulari batzuek ihesaldia abiatu zuten, baina fruiturik gabe. Azken biran, ordea, Daniel Ladok eta Hector Fernandezek tropela atzean utzi eta 20 segundoko abantaila sortzea lortu zuten. Ladorena izan zen garaipena.

Iker Colmenero izan zen berriro hoberen sailkatu zen aiaraldearra. Zazpigarren heldu zen eta bosgarren kokatu da sailkapen orokorrean. Ion Eguiak ere emaitza onak eskuratu ditu eta hamabosgarrena da sailkapen orokorrean. Aiara Txirrindularitza Elkarteko taldea (Luyando Opticos Ganzedo) bigarrena da momentuz sailkapenean.

Edonola ere, beste lau etapa falta dira proba amaitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide