Kalean dago honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekari berria, 177. zenbakiduna, alegia. Aceroseko lan-gatazkak hartu du azala. Izan ere, 40 urte beteko dira aurki Laudioko lantegi ezagunaren aurkako lehen oldarralditik. Orduko protagonistekin hitz egin du Aiaraldea Komunikabideak eta poliziaren bortizkeriaren inguruko hainbat pasadizo berreskuratu ditugu, baita garaiko argazki zaharrak ere.
Gai interesgarri gehiago
Irakurleak erreportaje eta elkarrizketa interesgarri ugari aurkituko ditu hamabostekariko 32 orrietan. Garazi Santacruz gazte orozkoarra edota Itziber taldeko musikariak elkarrizketatu ditugu, euren proiektuen inguruan gehiago ezagutzeko asmoz. BCN Adornoko kideak dira elkarrizketatu ditugun beste sortzaile batzuk. Horien artean aurkitzen da Alberto Martinez laudioarra, eta Michelin izardun jatetxeentzako artisau ontziak egiteaz arduratzen da.
Azkenik, Amurrioko Nagusien Kontseiluko kideekin ere izan gara agerkaria osatzeko. Izan ere, kontseiluko kideek nagusientzako jantoki soziala jarriko dute abian apiriletik aurrera, eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri topatuko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko dugu hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.