Aiarako Biraren XXXIII. edizioko hirugarren eta laugarren etapak jokatu dira asteburuan. Larunbatean Laudion izan zen norgehiagoka, Larrazabal auzoko maldetan, eta Enrique Maranchon valentziarra gailendu zen, bidea 5 minutu eta 33 segundutan eginda. Modu horretan, Aiarako Birako lider bezala mantendu zen. Ibai Villate bizkaitarrak 5 segundu beranduago gurutzatu zuen meta, eta Jaime Torres madrildarra 21 segunduren ostean iritsi zen.
Agerikoa denez, oso lasterketa motza izan zen, 2,3 kilometrokoa, baina aldapa oso gogorrak egon ziren bidean. Gainera, beste berezitasun bat izan zuen probak: Aiarako Biraren historiako lehen erlojupekoa izan zela, eta antolatzaileek oso positiboki baloratu zuten: “Une batzuetan euri asko egin du, baina eguraldi txarrak ere ez dio disdirarik kendu etapa ikusgarri honi”.
Ford Garje Moderno-Aranako izan zen garailea taldekako kategorian, baina sailkapen orokorrean Aiara Txirrindulari Elkarteko Luyando-Ganzedo taldea jarri zen lehen postuan
Okondoko etapa
Atzo -igandea-, aldiz, Okondoko etapa jokatu zen, eta Baqué taldeko Ibai Villate gailendu zen. Enrique Maranchonek ihesaldia abiatu zuen 19. kilometroan, eta Villate bere atzetik joan zen. Biek lortu zuten pelotoiari minutu bateko aldea ateratzea, tarte hori gero 29. segundutara murriztu zen arren. Azkenean, Villatek abiadura hartzea lortu zuen, Maranchon aurreratuta eta meta lehena zeharkatuaz.
Hurrengo etapak
Datorren asteburuan jokatuko dira hurrengo bi etapak. Artziniegakoa izango da larunbatean. Txirrindulariak 5 aldiz igaroko dira Garabillako gainatik eta lau aldiz herriko alde zaharretik. Igandean amaituko da lasterketa, Amurriotik Maroñoraino joango den etapa gogorrarekin.
Aiarakobira.eus atarian ikusi daiteke probari buruzko informazio guztia, sailkapenak tartean.
Argazkiak: Aiarako Birako antolakuntza