Sailkapen orokorrean zein indibidualean lehen postua eskuratu du Iker Colmenerok Aiarako Biran. Aurtengo edizioa 33. izan da, eta etxekoak izan dira nagusi. Sei etapa izan ditu txapelketak guztira, eta Luyando Ganzedo taldea izan da onena, Gran Canaria Bike Team taldeari 2 minutu eta 9 segunduko koska aterata.
Azken asteburuan erabaki da sailkapen orokorra, Artziniegan eta Maroñon bukatutako etapetan. Larunbatean izan zen Artziniegako proba, eta bizi ibili ziren txirrindulariak Artziniegan zein Aiaran barrena. Iker Colmenero gailendu zen zapatuan ere, Matias Peñate eta Hugo Rodrigezekin sprintean helmugaratuta.
Igandean, berriz, Amurrioko San Roke auzotik atera zen lasterketa, eta Maroño izan zuten helmuga. Tartean, baina, Arespalditza zein Baranbiotik igaro ziren, besteak beste. Azken etapako bizkorrena Iker Colmenero izan zen, 3 segunduko aldea aterata Pablo Polo eta Enrique Maranchon bigarren eta hirugarren sailkatuei.
Argazkiak: Aiarako Bira eta Izar Mendiguren Cosgaya