Jesuriko parke eolikoaren ondorioak ikusarazteko hainbat ekintza antolatu dituzte Laudion eta Orozkon

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 29a, 10:00
Iazko irailean ere Jesurira igo ziren aiaraldearrak parke eolikoaren aurka protesta egiteko. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformako kideek zenbait jarduera antolatu dituzte trantsizio energetikoaren eta, bereziki, Jesuriko proiektu eolikoaren inguruan eztabaidatu eta hauen ondorioak azaleratzeko. Ostegunean hitzaldia antolatu dute Laudioko Kultur Etxean eta apirilaren 22an Orozkotik Laudiora martxa ibiltaria eta manifestazioa egingo dituzte.

Zentral eolikoek ingurumenean eta gizartean eragiten dituzten ondorioek eta “burokraziaren tranpek” kezkatzen dituzte Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformako kideak. Ostegun honetan, martxoaren 30an, hitzaldi bat antolatu dute Laudioko Kultur Etxean trantsizio energetikoaren gaia lantzeko, bereziki fokua jarriz Jesuriko parke eolikoaren proiektuan.

Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, hitzaldian gaurkotasuna duten problematiketan zentratuko dira, Larragorri parke eolikoan eta gertuko beste hainbatetan, zehazki. Horrelako proiektuek ingurumenean (floran eta faunan) eta jendartean eragiten dituzten kalteak azalduko dituzte, bai eta “burokraziaren tranpak” ere.

Gaiari heltzeko, EHUn trantsizio energetikoan ikerlari eta irakasle den Alvaro Campos gonbidatu dute.

“Azalduko dugu nola heldu garen honaino: Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, egiten dituzten tranpa guztiak, isiltasun burokratikoa, iritzia emateko oztopoak, energia berriztagarrien atzean dauden oligopolioak, ezkutatzen duten informazioa… Ez dago plan energetikorik eta hau jarri nahi digute pentsatu gabe”, argitu dute plataformako kideek.

Gaiari heltzeko, EHUn trantsizio energetikoan ikerlari eta irakasle den Alvaro Campos gonbidatu dute. 18:30ean hasiko da osteguneko hitzaldia Laudioko Kultur Etxeko Arraño gelan. Camposek gain, Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeko kideek hartuko dute hitza, eta galderak egiteko tartea ere egongo da.

“Berriztagarriak bai, baina ez horrela”

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma jende oso anitzak osatzen duela azaldu digute kideek, baina komunean duten aldarria argia da: “Berriztagarriak bai, baina mendietan ez”. Egungo ereduaren aurrean alternatiba ugari daudela azaldu dute, industrializazioaren geldotzea barne, eta horien inguruan eztabaidatu behar dela argi dute, ez soilik tokiko ikuspegitik, baita mundu mailakotik ere. "Eztabaidaezina" dena mendien defentsa da: “Ez diezazkigutela mendiak suntsitu”.

"Ez gaude energia berriztagarrien aurka, inondik inora, baina gauzak ondo pentsatuta egin behar dira"

“Ez gaude energia berriztagarrien aurka, inondik inora, baina gauzak ondo pentsatuta egin behar dira. Plan bat behar da Euskal Herri osoarentzako eta estrategia argi bat. Duela 20 urte jarri zituzten eolikoak zaharkituta geratu dira eta aldatzen edo lekuan bertan uzten ari dira. Nork agintzen digu orain jarri nahi dituzten dorretzarrekin ez dela berdina errepikatuko? Gai potoloa da, ezin da orain zoro moduan egin Europako dirua datorrelako”, kexu dira.

Bi ibilaldi eta mobilizazio bat

Apirilaren 22an, larunbatean, martxa ibiltaria egingo dute Orozkotik Laudiora, Orozkon egin nahi duten Larragorri parke eolikoaren ondorioak ikusarazteko. 10:30ean abiatuko dira Zubiaur plazatik Laudiorantz eta, bertan, Herriko plazatik aterako den manifestazioarekin egingo dute bat. Berriztagarriak BAI, baina horrela EZ izango da mobilizazioaren leloa.

Horrez gain, Araba Bizirik plataformak urtero antolatzen dituen mendi ibilaldien barruan, aiaraldearrek Jesurira antolatu dute aurtengo martxa. Ekainaren 10ean izango da Babestu maite duzun mendia ekimenaren barruan. Ez hori bakarrik, maiatzaren 20an Gasteizen izango den manifestazio nazionalera joateko deia ere egin dute ekimenaren bultzatzaileek, Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik lelopean.

Iazko irailean Jesurira egindako ibilaldiaren laburpen-bideoa:

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide