Kalean dago honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria. Eduki interesgarri ugari jorratzen ditu, eskualdeko aktualitateari lotuak.
Azalean jazo dugu Raul Fuentesi eta Gonzalo Faustmani egindako elkarrizketa. Fuentesek eta Faustmanek ama eta alaba galdu zituzten, Gardean eta Aretan jazotako tren istripuetan, hurrenez hurren. Orain borrokan ari dira egia argitu dadin eta ezbeharrak ekiditeko neurriak har ditzaten.
Arrugaeta Jatetxera ere bertaratu gara hamabostekariaren zenbaki berri honetan. 70 urteren ondoren ateak itxi ditu Orozkoko jatetxe ezagunak, eta gu Arrugaeta Guaresti neba-arrebekin elkartu gara establezimenduaren ibilbidearen inguruan gogoeta egiteko.
Azkenik, Saioa Urkijo, Iraia Gomez eta Nahia Gutierrez gazteak elkarrizketatu ditugu, Motion Urban Dance dantza lehiaketaren inguruan gehiago jakiteko.
Hezkuntza gehigarria
Aiaraldea Hemen hamabostekariak 12 orriko gehigarri berezia dakar oraingoan. Ikastetxeak Haur Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako matrikulazioan daude murgilduta. Gauzak hala, eskualdeko hezkuntza eskaintza jaso du Aiaraldea Komunikabideak gehigarrian, baita hezkuntza komunitatearekin lotutako zenbait eduki interesgarri ere.
Hauek eta beste hainbeste gai aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.