Aurreko edizioetan ez bezala, Euskal Itzuliak ez du irteera eta amaiera izango Aiaraldean, baina antolatzaileek ez dute eskualdea ahaztu.
Hain zuzen, Omar Fraile Ineos taldeko kideak lagundu zuen biharko ibilbidea prestatzen (Santurtzi-Santurtzi) eta aldapak ez dira faltako gure artean.
Zehazki, Aiaraldea Komunikabidea tokiko zenbait zalerekin jarri da harremanetan jakiteko zein toki hautatuko dituzten tropela ikusteko eta honako hiru izango dira nagusiak:
- Markuartu: Enkarterritik sartzen denean lasterketa, gune aldapatsu horri egin beharko diote aurre, gero Laudiora jotzeko eta handik Amurriora eta Urduñara. Parte hartzaileen abiaduraren menpe dago dena, baina goizenez 13:50ean espero dituzte.
- Lendoñogoiti: Beste puntu garaia izango da Lendoñokoa eta kirolariak gertutik so egoteko parada egongo da han. Aurreikuspen baikorrena da 14:30ean agertzea.
- Santa Koloma: Eskualdea atzean uzteko Santa Koloma zeharkatu beharko dute eta 15:00etan han bilduko dira zale batzuk.
Lasterketak tokiko aurpegi ezagunak jarriko ditu lehian (Gotzon Martin Euskaltel Euskadiko kidea, Mikel Landa Bahrein Victorious-eko burua...) baina kanpoko izarrak ikusteko balioko du ere: Jumbo-Vista taldeko Jonas Vingegaard Touraren azken edizioko irabazlea edota EF Education taldeko Richar Carapaz, adibidez.