JAVIER RAMIREZ ETA GERAXANE ROTAETXE

"Euskal Transfusio Zentroko langileok grebara jo dugu Osakidetzako lankideen baldintza berak izateko, ez dugu ezer berezirik eskatzen"

Aitor Aspuru Saez 2023ko api. 18a, 11:50

Javier Ramirez eta Geraxane Rotaetxe. / Aiaraldea.eus

JAVIER RAMIREZ (Amurrio) eta GERAXANE ROTAETXE (Urduña) Euskal Transfusio Zentroko langileak dira, teknikariak, hain zuzen. Gaur bi asteko greba abiatu dute Osakidetzak euren soldatak parekatu ditzan osasun erakundeko gainerako langileekin.

Lan gatazka bizitzen ari zarete Euskal Transfusio Zentroan, zergatik?

Javier Ramirez: Euskal Transfusioko Zentroko langileok Osakidetzako beste beharginek baina gutxiago kobratzen dugu, soilik zentroa ez delako ez ospitalea ez lehen arretako zentroa. Osakidetzaren ustez, ez garenez ez bata ez bestea, ez digu soldata parekatu behar, nahiz eta gure lanpostuak ia elkarrekin egon eta betetzen ditugun ardurak berak izan.

Geraxane Rotaetxe: Are gehiago, gure lana berezituagoa da maiz.

J. R.: Bai, espezialitatea dugu gure lanpostuetan eta ez dute beste inolako zentrotan egiten.

Horri lotuta, zein da zuen lana, zehazki?

G. R.: Guk EAEko odol emaileen odol poltsa guztiak jasotzen eta prozesatzen ditugu. Izan ere, odol poltsa horiek gaixoen artean banatzen dira beharren arabera: odola, plaketak, plasma...

"EAEko odol emaileen odol poltsa guztiak jasotzen eta prozesatzen ditugu, beharren arabera banatzeko"

Lan handia da, serologia egin behar zaie, odol taldeka sailkatu eta kalitate kontrolak egin. Funtzio anitzak ditugu eta lan horren emaitza da kirofanoetara eramaten den odola. Transplanteetarako odola, hezur-muinak ere egiten ditugu, gisa ehunak... Horrek guztiak prozesua dakar EAE osoan banatu arte.

Ardura zailak dituzue, Osakidetzak aparteko azalpenak eman dizkizue?

G. R.: Ez.

J. R.: Edo ez dira gaian sartzen edo ez dela unea aipatzen dute; ekonomia txarto dagoela...

G. R.: Luisa Larrauri Giza Baliabideko arduradunak beti esaten die ezetz gure proposamenei. Adibidez, proposatu genuen aurten gure soldatak %2 igotzea eta gero gure kategoria bereko langileekin parekatzea apurka-apurka eta denari esan dio ezetz.

Hala ere, aurreko arduradunak, Pilar Uriartek, gure lanak aitortu zituen eta ez zuen arazorik izan akordioa lortzen saiatzeko; sektore mahaian negoziatu zen eta idatzi zuten, baina ez zuten sinatu. 

Zer gertatu zen gero? Arduraduna aldatu zela eta hortik aurrera dena izan dela ezezkoa. Eta hori ez da okerrena, okerrena da arduradun berria gezurretan aritu dela. Osakidetzako Intranetean adierazi zuen guk, langileok, ezezkoa eman geniola berak egindako eskaintzari. Hori ez da egia.

J. R.: Are gehiago, badago idazki bat, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak sinatuta, zeinak gure lana positiboki baloratzen duen. Carmelo Barrio PP-Ciudadanoseko legebiltzarkidearen galdera baten erantzuna da eta erregistratuta dago. Ez du esaten gure soldata parekatu behar dela, baina lana eta funtzioak aitortzen zituen.

"Gotzon Sagardui Sailburuak esan zuen ez zegoela arazorik soldatak parekatzeko gure lankideekin. Orduan, zergatik ez dute egiten?"

Gero azaldu zuen Administrazio Kontseiluak konpondu behar zuela egoera eta diru kopurua aipatzen zuen, adierazita ez zuela oztoporik ikusten kobratu ahal izateko. Arazorik ez badago, zein da arrazoia soldatak ez parekatzeko gure lankideekin? Ez dugu ulertzen.

Sindikatuekin sektore mahaiko bilera egiten denean ez dute gure egoera inoiz lantzen eta sindikatuek galdetzen dutenean, erantzuna da egun horretan ez dela jorratuko. 

Akordioa ezer ezean geratu eta gero, mobilizazioekin hasi zarete.

J. R.: Guk nahi duguna da gure egoera negoziatzea. Hori da mobilizazioen helburua. Zerbait adostu behar da eta ari dira gure egoera saihesten.

G. R.: Ez dugu aparteko ezer eskatzen. Alegia, gure lankideen baldintza berak nahi ditugu, dagokiguna. Eta ez da soilik aitortza ekonomikoa, Osakidetzan egiten dugun lana ere aitortu behar digute, profesionalak baikara. Ospitalea edo lehen arretako zentro batean sailkatuta ez egoteagatik behartuta gaude grebara jotzera, zarata egitera...

"Ez dugu aparteko ezer eskatzen, gure lankideen baldintza berdinak baino ez"

J. R.: Gure aldarrikapenei muzin egin eta gero behin eta berriro, behartuak egon gara grebara jotzera.

G. R.: Eta epaitegian salatu behar bada, epaitegira joko dugu.

J. R.: Gaurdanik apirilaren 30era arte greban egongo gara. Bi aste. Negoziaziorako prestutasuna badago, baloratuko dugu protestekin ez jarraitzea, baina ez bada horrela, behartuak egongo gara mobilizazioei eustera.

G. R.: Momentuz ez dute honi buruz hitz egin nahi. 

J. R.: Osakidetzan gatazka gehiago daude eta erakundeak dio badagoela negoziazio mahaia. Arazoa da eurek baino ez dutela hitz egiten eta gure egoera ez da inoiz azaleratzen. Luzatzen ari da eta sindikatuek ez dute tarterik esku hartzeko. 

G. R.: Halaber, uste dut interesgarria dela jendeak jakitea ez gaituztela lehentasunezko zerbitzutzat jotzen. Transfusioa egiteko odolik ez badago, ez dago kirofanorik. Ezinbestekoa da edozein larrialdirako. Odola beharrezkoa da eta funtsezkoak gara. 

J. R.: Jende orok daki zer egiten den ospitalean edo anbulatorioan, baina ia inork ez daki zer egiten den Euskal Transfusio Zentroan. Ondorioz, ez daki zein garrantzitsua den gure lana. Oso espezializatuak gaude. 

G. R.: Eta Osakidetzako langileak gara.

Zenbat langile zarete zentroan?

J. R.: 120 inguru. Teknikariak, autobus gidariak, erizainak, idazkariak, biltegiko langileak... Nik azpimarratu nahi dut gure gerenteak behin baino gehiagotan azaldu diguna, hau da, gure soldatak parekatzea hutsaren hurrengoko gastua dela Osakidetzarentzat. Ez da arazo ekonomikoa. Guk urtebetean aldarrikatzen duguna da edozein ospital ertainean gastatu dena PCR probetan egun bakarrean. Gure soldatak %4 igotzea ez da dirutza. 

G. R.: Nik azpimarratu nahi dut ez dugula ezer berezirik eskatzen, baizik eta lan baldintzak gure lankideekin parekatzea.

J. R.: Nik, azkenik, gehitu nahi dut gaixoren batek kalteak pairatzen baditu gure grebaren ondorioz, ez dela gure errua. Ezin gaituzte kriminalizatu, Osakidetzaren jarreragatik gaude behartuak grebara jotzera, ez baitute ezer negoziatu nahi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide