ERREPORTAJEA

“Umeak ezin dira kromoak bezala aldatu”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko api. 19a, 17:30

Lamuza eta Zabaleko Eskoletako gurasoak dira Esti Garmendia eta Monica Miguelez, hurrenez hurren. / Aiaraldea.eus

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrematrikulazio kanpainan abian jarritako 'zaurgarritasun indizeak' gatazkak piztu ditu Lamuza eta Zabaleko eskoletan. Hezkuntza zentro horietako bi gurasorekin bildu gara. 

Aste mugituak izan dira hauek Monica Miguelez Garcia eta Esti Garmendia Santamariarentzat. Zabaleko Eskolako gurasoa da lehena eta bigarrena, aldiz, Lamuza Eskolakoa. Martxoaren 28an argitaratu zituen Eusko Jaurlaritzak aurrematrikulazioaren behin behineko zerrendak, eta orduan piztu zen gatazka Amurrio eta Laudioko bi zentro horietan.

Zabalekoko Guraso Elkartea izan zen egoera salatzen lehena. “Guk 11 aurrematrikulazio jaso genituen guztira”, kontatu du Miguelezek. “11 familia horien artean Eusko Jaurlaritzak ebatzi zuen 3 familia ‘zaurgarri’ zeudela eta horietako bat itunpeko ikastetxe batera, Amaurrera, bideratu zuen, familia horrek bere burua zaurgarritzat ez duen arren”. 

Antzeko zerbait gertatu zen Lamuza Ikastetxean, Garmendiak azaldu duenez: “9 aurrematrikula izan genituen eta horietako 2 zeuden ‘zaurgarri’ moduan sailkatuta. Horregatik, haur horietako bat Laudio Ikastolara bideratzea erabaki dute, Lamuzan anai-arrebak dituen arren. Ez dugu ulertzen publikoa hautatzen duten familiak zergatik derrigortzen dituzten itupeko ikastetxeetara joatera”.

Erreklamazioak aurkeztu dituzte, eta aurki jasoko dute erantzuna, bihar (osteguna) aterako baitira bahin betiko zerrendak. Baikor daude Lamuza Eskolako kasuari dagokionez, haurrak eskolan anai-arrebak ikasten izatea pisuzko argudioa delako. “Zabalekoko kasuan, aldiz, hekuntza delegaritzatik jada aurreratu digute zaila izango dela hartutako erabakia deuseztatzea”. 

“Hezkuntza Sailaren zaurgarritasun indiziea arrazista eta klasista da”

Zaurgarritasun indizea 

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek sinatutako hezkuntza legearen aurreproiekturako akordioan jarri du Miguelezek gertatutakoaren jatorria. “Legea oraindik ez dago onartuta, baina Hezkuntza Sailak dagoeneko egin du planifikazio dekretu bat, eta bertan ezartzen dira ume kopuruari eta ‘zaurgarritasun indizeari’ lotutako kontu guztiak”. 

‘Zaurgarritasun indizean’ dago arazoaren muina, bi gurasoen iritziz. Hezkuntza Sailak galdetegi bat betearazi dio aurten aurrematrikulazioa egin duen familia bakoitzari, zaurgarria den ala ez ebazteko. “Udalerriko bataz bestekoa atera dute horrela, eta modu horretan ebatzi dute zentro bakoitzak zenbat ikasle zaurgarri hartu ditzakeen gehien jota”. Baina, eginiko galdetegiak ez du inongo “funts psikopedagogikorik”, Miguelezen ustez.  “Etxean dituzun gauzak baloratzen dituzte: Netflix edo Amazon prime konturik dugun, zenbat bainugela dauden… ez dugu oso argi Eusko Jaurlaritzak nola egiten duen balorazioa orri bakar bateko galdetegia baliatuta”. 

Harago joan da Garmendia. Lamuza Eskolako gurasoaren aburuz, planteamendu “arrazista eta klasista” da Hezkuntza Sailak plazaratu duena eta, ondorioz, baita “oso iraingarria” ere. “Galdetegi horrek ahalbidetzen duena da etiketa bat jartzea eta ‘zaurgarri’ sailkapena duten familiei ukatzea euren seme-alabentzako hezkuntza mota erabakitzeko eskubidea. Nire ustez, Eusko Jaurlaritzaren ikuspegia honakoa da: zaurgarritasunak enbarazu egiten digu eta, horregatik, kontsideratzen dugu txarra dela denak batera egotea. Hori berez arrazista da. Zergatik jakin behar dut nik familia batek ez duela telebistarik edo entziklopediarik etxean? Zer axola dit niri? Niretzako, nire alboan dagoena ni bezalako ama bat da, ni bezalako duintasunarekin. Ni ez naiz zaurgarria eta Lamuza Eskolara nator, eta ez dut zertan jakin beste familiak zaurgarriak diren edo ez, niretzat lagunak direlako, eta baita nire alabarentzat ere. Uste dut 300 familia direla guztira beste zentro batzuetara bideratu dituztenak. Gustatuko litzaidake jakitea familia horietatik zenbat diren etorkinak. Gizarte moduan hausnarketa bat egin beharko genuke horren inguruan”.  

Segregazioaren aurka borrokatzea da ‘zaurgarritasun indizearen’ helburua, baina hori “aitzakia bat” baino ez da, Miguelezen aburuz: “Benetan atzean dagoena da itunpeko ikastetxeei mesede egitea eta hezkuntza publikoari baliabide gutxiago eskaintzea”. Zabaleko Eskola jarri du horren adibide: “11 aurrematrikulazioarekin, 2 urteko eta 3 urteko gela bana izan ahal genituen. Orain, 10 matrikulazioekin, bi gelatan bildu behar ditugu haur guztiak. Irakasle eta aukera gutxiago izatea dakar horrek”. Gainera, nabarmendu du horrelako arazoak “urtero” gertatzen direla. “Iaz Mendiko Eskolan lerro bat kendu zuten da eta aurten Aretako Eskolarekin egiten saiatu dira”.

“Banatu ditzakegu eskolak batzuetan migranteak egoteko eta beste batzuetan ez. Baina, gero, zure seme-alabek pertsona migranteekin egingo dute topo gizartean”

Gauzak hala, aldarrikatu dute hezkuntza sistema duala (ikastetxe publiko eta itunpekoak barne hartzen dituena) berez segregatzailea dela, eta sistema publiko indartsu baten beharra jarri dute mahai gainean. “Jaiotza tasaren jaitsiera etengabea dagoen honetan, itunpekoa eta publikoa borrokan gaude ume gehiago nork lortu. Umeak kromoak bailiran aldatzen dira, eta hori ezin da horrela izan. Estrategia politiko hauekin publikoa ahultzen joango da, eta eskola publiko txikiak izango dira erortzen lehenak”.

Eskola publiko txikien balioa

Denbora luzez aritu dira Zabaleko eta Lamuzako bi gurasoak segregazioaz hitz egiten, eta gaiari buelta eman behar zaiola aldarrikatu dute. “Lamuzaren kasuan, kanpotik dagoen irudia da oso eskola segregatua dela, baina gu egunerokotasunean ez gara horrela sentitzen, kontrakoa baizik. Askotan jartzen da balioan kulturartekotasuna, baina kulturartekotasuna benetan balioan jartzeko bizi egin behar da”.  Ildo horretan, argi du Lamuza ghetto bat baldin bada, edozein itunpeko ikastetxe ere ghetto kontsideratu ahalko litzatekeela. “Baina Itunpekoak inori ez dio axola eta inori ez dio molestatzen, baina gureak, aldiz, bai. Horregatik, egin beharko litzatekeen lehen gauza hona etorri eta ditugun beharrei buruz galdetzea izango litzateke”.
Arazoak arazo, Garmendiak argi du ez lukeela bere alaba beste inon matrikulatuko. “Gure ratioa oso aproposa dela uste dugu, oso eskola familiarra da. Eskola publiko txikiek, ratio txikia dutenek, hobeto bermatzen dute kalitatezko hezkuntza ematea. Zuzendaritza taldeak ume eta familia guztiak ezagutzen ditu, adibidez”. 

“Eskola publiko txikiek, ratio txikia dutenek, hobeto bermatzen dute kalitatezko hezkuntza bat ematea”

Horrekin bat egiten du Miguelezek: “Familia eta haur batzuek (aniztasun funtzionala dutenek, adibidez) babes berezia behar dute, eta mota horretako eskolek bermatzen dute. Nire alaba da kasu horietako bat. Bera ezin da egon 30 laguneko gela batean, baina Zabalekon oso ondo moldatzen da”. 

Horri lotuta, bi gurasoek aldarrikatu dute eskola barruan bizi den errealitateak bat egiten duela gero haurrek kanpoan topatuko dutenarekin. Hala dio Miguelezek: “Banatu ditzakegu eskolak batzuetan migranteak egoteko eta beste batzuetan ez. Baina, gero, zure seme-alabek pertsona migranteekin egingo dute topo gizartean. Horregatik nahi dugu eskola publiko eta bakarra, ez ditugulako ikasgaiak soilik ikasi behar, baita elkarbizitza ere”. 

Garmendiarentzat, aldiz, “oso aberasgarria” izan da bere alabak Lamuzan igaro dituen urteetan berak, ama moduan, bizi izan duen guztia. “Ni hemen konturatu naiz arrazista naizela, eta arrazakeria hori deseraikitzen ikasteko balio izan dit horrek”.  

Euskara hizpide

Euskarak bi hezkuntza zentroetan duen presentziaz galdetuta, argi mintzatu dira bi gurasoak: etorkin gehiago egoteak ez du euskararen presentzia kaltetzen. “Nire ikuspuntutik, egoera beste toki batzuetan bezalakoa da, ez dut ezberdintasunik ikusten”, ziurtatu du Garmendiak. “Umeek batzuetan euskaraz hitz egiten dute eta beste batzuetan ez. Ez dut uste hemen aparteko arazorik dugunik. Esan behar diegu klasetik kanpo  euskaraz hitz egiteko, baina beste toki batzuetan bezala”. Horrekin bat egin du Miguelezek, eta aldarrikatu du hezkuntza publikoa dela gehien euskalduntzen duena. “Hala diote txostenek”. 

Mobilizazioa ostiralean

Etorkizunera begira, ezkor agertu dira bi amak, hurrengo urteak “oso latzak” izango direla iritzita, egoera “berdina edo txarragoa” izango delako. Uste dute Jaurlaritzak hekuntza publikoa ahultzen jarraituko duela, “hondarrak” soilik uzteraino, eta eskola txikiak itxi egingo dituztela, ikasle guztiak “makrozentroetan” pilatzeko.

Gauzak hala, ostiral honetako (apirilak 21) deialdia zabaldu dute Garmendiak eta Miguelezek. Manifestazio zaratatsua egingo dute 18:00etan Lamuza Ikastetxetik abiatuta, Aiaraldeko hezkuntza publikoa bizirik! lemapean.

Eskualdeko hezkuntza zentro publikoek eta bertako guraso elkarteek deitu dute mobilizazioa, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita. Hala dio Miguelezek: “Nik gonbidatuko nituzke familia guztiak bertaratzera, osasun sistema defendatzen duten moduan, hezkuntza publikoa ere defendatzera, oinarrian dagoena gauza berdina delako”. Antzeko hitzekin amaitu du Garmendiak ere: “Ez da bi aldeko kontu bat. Bakoitzak izango ditu bere arrazoiak eskola batera edo bestera joateko, horretan ez gara sartzen. Baina zerbitzu publikoa defendatzea uste dugu guztion ardura dela”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide