Orozkotik Laudiora eraman dute Aiaraldeko “proiektu makro-eolikoen” aurkako aldarria

Txabi Alvarado Bañares 2023ko api. 24a, 08:00

Dozenaka lagun bildu ziren Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma deitutako bizikleta martxa eta mobilizazioan.

Mobilizazio goiza izan zen larunbatekoa Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarentzat. Dozenaka lagun bildu ziren Orozkotik Laudiora joan zen bizikleta martxan, eta mobilizazioa egin zuten jarraian, Aiarako batukada feministaren erritmopean. 

Ekimenaren xedea izan zen “espazio libreak eta berdeak mehatxatzen dituzten eskualdeko proiektu makro-eolikoak” salatzea, manifestazioaren osteko irakurketan azaldu zutenez. “Mahai gainean dauden proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza-lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea ekarriz”.

Plataformako kideek argi adierazi zuten ez dutela onartuko “kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema beregituratzea aurreikusten ez duen politikarik”, eta aldarrikatu zuten “produkzio sistema ondasun komunala hobetzera” bideratu behar dela. 

Ildo horretan, alternatibak daudela ziurtatu zuten, “baina industria pribatuak ez ditu aukera energetiko berdeak sortu nahi, kontsumoa eta haien negozioa handitu baizik”. Horregatik uste dute eskualdean egin nahi dituzten parke eolikoek gehiago dutela negoziotik trantzisio energetikotik baino. 

Hurrengo deialdiak

Hurrengo deialdien berri ere eman zuten. Maiatzaren 2an egingo dute hurrengo bilera irekia, Orozkoko kultur etxean 18:30ean. “Gainera, maiatzaren 20an Gasteizen nazio mailako mobilizazioa ospatuko da. Eta ekainaren 10ean Jesuriko mendi martxara gonbidatu nahi zaituztegu”. 

Argazkiak: Aiaraldea.eus eta Ander Fernandez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide