Urtearekin batera hasi zuten Aiaraldeko pentsiodunek Usansoloko ospitalera joateko autobus zerbitzu zuzenaren aldeko kanpaina.
Mozioa aurkeztu zuten eskualdeko udal guztietan hauek Arabako zein Bizkaiko foru aldundiei eska ziezaieten egin beharreko kudeaketak egin zitzaten zerbitzu hori ezartzeko. Aiaraldeko udal guztiek onartu zuten mozioa, baina Aiaraldeko pentsiodunak haserre dira talde politikoek hartu zuten jarrerarekin.
PSEri egozten diote asmoarekin bat datorrela esan arren testua ez defendatzea ez udaletan ez aldundietan. Abstenitu egin zen, ideiaren alde egon arren testua aldatu nahi zuelako, pentsiodunek oharrean azaldu dutenaren arabera. Otsailaren 28an Arabako Batzar Nagusietako Mugikortasun Batzordean proposamena eztabaidatu zutenean ere, asmoarekin bat zetorrela esan arren, PSEk “bazterrera jo zuen beste testu bat zuelako”. Talde politiko guztiek aurkeztutako ideiarekin bat zetozela esan omen zuten.
Martxoaren 27an Bizkaiko Batzar Nagusietan aztertu zuten gaia, EH Bilduko batzarkide batek eramana. “Erantzuna Bizkaiko Mugikortasun Saileko zuzendari edo denak eman zion, eta zenbateko kostua izango zuen eta Bizkaian beste eskualde batzuetan ere arazo bera edo antzekoa dutela esanez”, azaldu dute.
Hiru egunera, martxoaren 30ean, Podemosek beste mozio bat aurkeztu zuen EAJrekin eta PSErekin hitzartuta, “PSEk Amurrion aurkeztu nahi izan zuen antzeko testua, Aiaraldeko Pentsiodunen ordezkariekin hitz egin eta gero baztertu zuena”. Interes elektoralistak salatu dituzte pentsiodunek eta kexu dira eurekin bildu gabe aurkeztu zutelako mozio hori: “Podemos ez da behin ere gurekin harremanetan jarri, eta gure atzetik negoziatu du. Gure iritziz, horrek gure asmoa andeatu du, guk Aiaraldetik Galdakaoko Erietxeraino geldialdirik gabeko autobus lerroa nahi baitugu".
Sinadura bilketa
Hala, Arabako Foru Aldundiari eskatzen diote arazoa konpontzeko behar den presioa egin dezan eta gogorarazi dute euren asmoa sendoa dela, eskaerarekin aurrera jarraituko dutelako. Jakinarazi dute kanpaina bat antolatuko dutela aurki, sinadura-bilketa bat barne.