Mahai gainean daude karta guztiak. Iragan astean argitaratu ziren ofizialki maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrenda guztiak, eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek lan eskerga egin behar izan dute. Izan ere, banan banan aztertu dituzte eskualdeko zerrendak, hautagai euskaldunen kopurua zenbatu eta, modu horretan, zerrenda bakoitzari puntuazio bat jartzeko.
Iragan ostegunean egin zituzten publiko azterketaren emaitzak, Faktorian eginiko agerraldian. Bertan gogorarazi zuten duela urtebete (2022ko apirilean) abiatu zutela ‘Hautagai Euskaldunak’ dinamika. “Lehenbizi, eskualdeko udaletan ordezkaritza zuten alderdiekin bildu ginen, guztiekin”, azaldu zuten.
Dokumentu bat aurkeztu zieten talde politikoei, beranduago (ekainean) publiko egin zutena. “Bi atal nagusi zituen: bat, alderdiei hautagai zerrenda publikoa egiterakoan, hautagai bakoitza euskaldun osoa, euskaldun hartzailea edo erdalduna zen izendatzea; eta bi, hautagai zerrenda bakoitzari euskararen ikuspuntutik nota bat jarri eta hori publiko egingo genuela azaldu genuen”.
“Gardentasuna ariketa bat” eskatu zieten alderdiei, hautagaien hizkuntza gaitasuna jakitea “berebiziko informazioa” dela iritzita, “herritarrek modu burujabe eta nahikoa informazioarekin egikaritu dezaten boto eskubidea”.
Horrekin batera, zerrendetan hautagai euskaldunak egotea sustatu nahi izan dute. Izan ere, Kontseiluko kideen aburuz, “hautagai euskaldun batek hizkuntza eskubideak bermatzen ditu, gutxienez elebiduna baita euskalduna, herritar guztiei bere hizkuntzan entzun, ulertu eta erantzuteko gai”.
17 ahobizi, 5 belarriprest eta 10 erdaldun daude Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak aztertutako alkategaien artean
Emaitzak
Osteguneko agerraldian Kontseiluak “kritika zorrotza” helarazi zien “eskualdeko alderdi guztiei”, ez dutelako publikoki jakinarazi euren hautagaiak euskaldunak diren edo ez. “Informazioa emate hutsak hizkuntzari garrantzia aitortzea bazekarren, eskakizun hau betetzea gardentasun ariketa bat bazen... Ez egiteak zer esan nahi du? Pausu erraza zen eta atsekabez ikusi dugu ez dela eman”. Horregatik, Kontseiluko kideek espero dute hemendik aurrera talde politikoek informazio hori jakinaraztea “ekitaldietan zein postontzietara igorriko zaizkigun esku-orrietan”.
Eskualdeko 32 zerrenda aztertu dituzte guztira Euskalgintza Kontseiluko kideek, eta modu horretan ondorioztatu dute alkategai bakoitza ahobizia (euskaraz ulertu eta hitz egiten duena), belarripresta (ulertzeko gai dena) edo erdalduna den. “Jarraian, zerrendari nota jarri diogu. Horretarako alkategaia eta zinegotziak, hurrenkera kontuan hartuta, puntuatu ditugu euskaldun oso, euskaldun hartzaile edo erdaldun diren kontuan hartuta”.
17 ahobizi, 10 erdaldun
Modu horretan jakin dute aztertutako alkategaien artean 17 ahobizi, 5 belarriprest eta 10 erdaldun daudela. Jarritako notari dagokionez, aldiz, “16 zerrendek gainditzen dute, 7 ez nahiko erdiesten dute eta 9 kasutan ez da nahikoa informazio lortu”.
Horri lotuta, kontseiluko kideek salatu dute alderdi batzuek informazioa ukatu egin dietela.
Zabaltzeko deia
Kontseiluko kideen aburuz, eginiko azterketak badu garrantzia, “gardentasuna, boto eskubidea eta hizkuntz eskubideak barne biltzen dituelako”.
Horregatik, ekimena “eskualdetik kanpora zabaltzeko” deia luzatu diete Euskal Herriko eragileei. “Gogoratu nahi dugu baita, alderdi politikoen hizkuntza politika eta hizkuntz eskubideekiko jarrera eta jarduna elementu garrantzitsua direla baita, euskararen normalkuntza lortzeko bidean”.
Gauzak hala, ildo horri lotutako bestelako ekimenak egingo dituztela jakinarazi dute.
Konpromisoak berritzeko unea
Hain zuzen, duela lau urte bezala, euskararekiko konpromiso zehatzak hartzea eskatuko die Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eskualdeko hautagaiei, Bai, we can kanpainari segida emanez. Bihar egingo dute horretarako ekitaldia Saraube mahaian, 17:15ean.
Aurreko udal hauteskundeen atarian talde politikoek hartutako konpromisoak ekarriko dituzte gogora, eta promesa horiek bete diren edo ez jakinaraziko dute. Horrez gain, konpromiso sorta berria plazaratuko dute datorren legealdira begira. Herritar orori luzatu diote zitan parte hartzeko gonbita, " Saraubeko mahaia herritarrez lepo betetzeko".
Zerrenda bakoitzaren nota
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztu diren 32 zerrenda aztertu ditu guztira, eta nota jarri dio bakoitzari, talde politikoei duela urtebete aurkeztutako irizpide batzuk jarraituta.
Nota 0tik10era jarri da. Puntuaketa egiteko formula honakoa da: alkategaiak (23 puntu ahobizi, 5 belarriprest eta 0 erdalduna), 2. zinegotzitik zazpigarrenera (2 puntu ahobizi, 1 belarriprest eta 0 erdalduna) eta 8. zinegotzitik aurrera (1 puntu ahobizi, 0,5 belarriprest, 0 erdalduna).
AIARA
EAJ-PNV
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 8,97
EH Bildu
- Alkategaia: Belarripresta
- Zerrendari jarritako nota: 5,13
Aiara Batuz
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 9,36
AMURRIO
EAJ-PNV
- Alkategaia: Belarripresta
- Zerrendari jarritako nota: 4
EH Bildu
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 9,55
PSE-EE
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
Orain Amurrio
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 6,78
Guk Elkarrekin
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: 2,67
PP
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
ARAKALDO
Arakaldoko Taldea
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 9,25
EAJ-PNV
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 10
ARRANKUDIAGA- ZOLLO
EH Bildu
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 10
EAJ-PNV
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 9,7
ARTZINIEGA
EH Bildu
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 10
EAJ-PNV
- Alkategaia: Belarripresta
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
PP
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
LAUDIO
EAJ-PNV
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 7,78
EH Bildu
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 9,67
Omnia
- Alkategaia: Belarripresta
- Zerrendari jarritako nota: 4
PSE-EE
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: 0,02
PP
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
OKONDO
EAJ-PNV
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: 2,43
Okondo Aurrera
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 8,65
EH Bildu
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: 3,51
OROZKO
EAJ-PNV
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: 3,68
EH Bildu
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 9,6
Elkarrekin Podemos
- Alkategaia: Belarripresta
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
URDUÑA
EH Bildu
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 9,23
EAJ-PNV
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: 7,44
PSE-EE
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
Elkarrekin URE
- Alkategaia: Ahobizia
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan
PP
- Alkategaia: Erdalduna
- Zerrendari jarritako nota: Informazioa faltan