Partida arrunta izaten ari zen Amurrio Club-Salvatierra Basarteko futbol zelaian apirilaren 16an, baina minutu eskasa geratzen zenean norgehiagoka amaitzeko, Aguraingo klubeko jokalari batek ukabilkada eman zion Amurrioko bati. Iñigo Fraile aiaraldearren kapitainak azaldu du ondoren jazotakoa: “Hurbildu ginen ikusteko zer gertatzen ari zen eta gainera, Salvatierrako beste jokalari batek 20 metroko lasterketa egin eta ostiko hegalaria eman zion Mikel Elejalde taldekideari”.
Horrenbestez, epaileak partida eten behar izan zuen eta Salvatierrako klubeko kideak atzeko atetik atera behar izan ziren Basartetik. Frailek berak aitortu du bere bizitza osoan ez duela inoiz horrelakorik ikusi eta are gehiago tentsio berezirik izan ez zuen norgehiagoka batean.
Angela Vadillo CD Orduñako jokalariak eta Altzarrate Kirol Elkarteko entrenatzaileak ere aipatzen du inoiz ez dela horrelako liskar baten lekuko izan futbolean: “Baina kontatu dizkidate zelaian zein kanpoan gertatutako erasoak. Edonola ere, emakumezkoen futbolean arruntena ahozko indarkeria da”.
Indarkeria futbolean
Frailek eta Vadillok horrelakorik ez badute inoiz ikusi, eta partida ez bazen izan bereziki gatazkatsua, zerk eragin zuen bortizkeria? Aiaraldea Komunikabideak gogoratu die aurreko egunetan eliteko futbolean sona handiko bi eraso jazo zirela. Alde batetik, Fede Valverde Real Madrid taldeko jokalariak Alex Baena Villareal klubeko kidea autobuseko bidean itxaron eta jo zuen. Bestalde, Sadio Mane Bayern Munich-eko aurreralariak bere taldekide Leroy Saneri ukabilkada eman zion aldagelan Machester Cityren kontra galdu eta gero.
Kronologiak zentzua dauka. Izan ere, bi pasarteak Amurrioko partida baino egun gutxi lehenago izan ziren. Iñigo Frailek azaltzen du berak uste duela jarrera horiek eragina dutela, gehienbat, umeengan: “Euren idoloek egiten dutena kopiatzen dute, baina Basartekoa ikusita, agian helduei buruz ere hausnartu behar dugu”.
Angela Vadillo iritzi berekoa da eta uste du eliteko jokalarien portaera maiz ez dela batere lagungarria izaten.Ezta hedabideena edota klubena ere. Esaterako, Marcak (Espainiako Estatuan gehien irakurtzen den egunkaria) Fede Valverderen bertsioa zabaldu eta ontzat eman zuen, eta Real Madridek ez du neurririk hartu jokalariaren kontra, ezta bere entrenatzaileak ere. Irizpide horiek Bayern Munichek erakutsitakoekin alderatu daitezke.
Alemaniarrek isun ekonomikoa jarri zioten Maneri eta partida batez alboratu. Horrez gain, erasotuak erasotzailearen alde hitz egin behar izan zuen taldetik bota ez zezaten, hori baitzen Bavierako klubaren asmoa.
“Emakumezkoen futbolean arruntena ahozko indarkeria da”
Irainak eta justifikazioak
Bi erasoen jatorria, erasotzaileen ingurukoek zabaldu dutenez, iruzkin iraingarriak izan omen ziren (nahiz eta kasu bietan zalantzan jar daitezkeen bertsioak, neurri batean edo bestean). Egia edo gezurra izan, Frailek zein Vadillok berretsi dute ahozko indarkeria oso arrunta dela futbolean. “Nik 3. mailan jokatu dut hainbat urtez eta hori oso ohikoa zen, eta eraso fisikoak ere maiz gertatzen ziren, adibidez, kolpeak bizkarrean”, adierazi du Frailek.
Angela Vadillok azpimarratu du emakumezkoen futbolean oso arrunta dela ahozko indarkeria partiden tentsio uneetan: “Ez da futbol profesionalean bezala, jokalariok ez dugu elkar ezagutzen eta ez dira iruzkin pertsonalak, baina gertatzen da maiz. Edonola ere, ez dago iruzkinik justifikatzen duena edonor erasotzea, futbol zelaian zein kanpoan”.
Indarkeria, futbolaren DNAn?
Erasoak, mota batekoak zein bestekoak, hain naturalizatuak daudenean, kirol mota horren izaeraren barruan daudela ondorioztatu beharra dago? Iñigo Frailek eta Angela Vadillok ez daukate argi. Euren ustez, jokalari guztiek egin beharko lukete hausnarketa kritikoa euren portaerari buruz zelaiaren barruan eta Frailek zein Vadillok, entrenatzaile gisa, sustatzen dute ondo pasatzea, plantak ez egitea eta epailearen lana errespetatzea.
“Haurrek euren idoloek egiten dutena kopiatzen dute, baina Basartekoa ikusita, agian helduei buruz ere hausnartu behar dugu”
Hala eta guztiz ere, biek daukate argi norberaren jarreratik at, futbol-erakundeek gehiago egin dezaketela indarkeria ekiditeko. Arrazismoaren kontra aurrerapausoak eman dira azken urteotan eta gauza bera egin beharko litzateke zelaian zein kanpoan gertatzen diren erasoei dagokienez. Halaber, biak dira ezkorrak eta iritzi berekoak: “Asko aldatu behar da egoera hori gerta dadin”.
Errugbia bezalako kirol batekin alderatzea baino ez dago. Kirol hori futbola baino nabarmen bortitzagoa da (aurkariak bultzatzea edo lurrera botatzea jokoaren parte da), baina epailearen kontra egitea oso zigortua dago eta partidak amaitzen direnean, hirugarren zatia deiturikoa dator. Hau da, bi taldeetako jokalariek elkarrekin ospatzen dute jokatu izana, adiskideen arteko giro lasaian, mokadu bat jaten edo trago bat edaten duten bitartean.