Zer dela eta etorri zarete Euskal Herrira?
Humbert Brieden: Memoria historikoari lotutako talde bateko kideak gara gu. Nazismoa ikertzen gabiltza 1981. urtetik. Alemaniako historia militarra ikertzen ari gara, Hannoverreko zonaldean. Konturatu gara bertatik hurbil bazegoela naziek erabilitako aeroportu bat, eta bertatik atera zela Kondor Legio ospetsua. Hegazkin bonbardeatzaile astunen pilotuen %70 entrenatu zuten aeroportu horretan, Wunstorfeko udalerrian dagoena. Bertatik joan ziren Madril eta Andaluziako hainbat zonalde bonbardatzera, baita Gernika ere. Hainbat liburu argitaratu ditugu ikertutakoa plazaratzeko.
Horrez gain, Alemaniako estatuak pilotu horiekiko izandako tratua ere aztertu dugu. Isiltasun handiarekin egin dugu topo. Jende orok esaten zigun ez zirela Espainian egon eta ez zutela Guda Zibilean parte hartu. Baina oso ageriko probak aurkeztu genituen, eta azkenean onartu behar izan dute pilotu horien parte hartzea.
Horrez gain, Euskal Herriarekin loturak garatzeari ekin diogu, Gernikarekin batez ere. Jende elkartrukea egin dugu. Alemaniako jende bat Gernikara joan gara eta hemengo jende bat Alemaniara etorri da. 25 urte daramatzagu bidaiak egiten eta bonbardaketaren urteurreneko ekitaldietan parte hartzen.
Klaus Armbruster: Duela 10 urte ezagutu genuen elkar, eta Baskale elkarteko kideok euren erakusketa bat itzuli dugu euskarara, Kondor Legioaren historiari buruzkoa. Euskal Herriko eta Kantabriako 40 udalerritan egon da ikusgai, baita Laudion ere.
Humbert Brieden: Horrez gain, Ver.di sindikatuarekin aritu gara elkarlanean, zerbitzu publikoen esparruan aritzen dena, eta bidaiak antolatu ditugu elkarrekin. Bidai honetako parte hartzaile gehienak sindikatuko kideak dira, jubilatuak gehienbat.
Aiaraldera, aldiz, bertako langile mugimenduaren nondik norakoak ezagutzera etorri zarete, Tubacexeko greba batez ere.
Klaus Armbruster: Orain arte bidaiak memoria historikoaren gaian zentratu dira batez ere. Orain, ikusita bidaian sindikalista askok parte hartzen zutela, apur bat ireki egin dugu, langile mugimenduaren, greben edota mugimendu sozialen gaiak ere jorratzeko. Hor sortu zen Aiaraldea bisitatzeko ideia.
Alemanian badute Tubacexeko grebaren berri?
Klaus Armbruster: Bidaian etorri direnetako batzuk asko dakite gaiari buruz, eta beste batzuk oso gutxi edo ia ezer ez. Grebaren arrakastari eta horren atzean dagoenari buruzko hainbat artikulu atera dira Alemaniako ezkerreko prentsan. Ez zen enpresa bateko greba hutsa izan, eskualde osoko mugimendu soziopolitiko bat baizik.