Arantxa Tapiak legez kanpoko 100 proiektu eoliko eta fotovoltaiko sortu nahi dituela salatu du Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 10a, 11:00

Arantxa Tapiak hedabideak baliatu zituen proiektu horien berri emateko.

Plataformak gogoratu dio Ekonomia Sailburuari ezin dituela Energia Berriztagarrien Sektore Planak baliatu 100 egitasmo inposatzeko, gutxienez, horiek ez badaude Lurraldearen Antolamendurako Zati Planean aurreikusita. Horregatik, Gasteizen maiatzaren 20an 18:00etan San Antonio plazatik egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du taldeak.

Aiaraldeko Mendiak Bizirikek prentsa oharra plazaratu du salatzeko Arantxa Tapia Ekonomia Sailburuak pasa den astean iragarritako 100 azpiegitura eoliko eta fotovoltaikoak legez kanpokoak direla.

Vocento taldeko hedabide batean jakinarazi zuen hori Tapiak eta plataformak berehala erantzun dio, argudiatuta proiektu horiek ez daudela 2020an Eusko Jaurlaritzak berrikusi eta onartutako Lurraldearen Antolamendurako 15 Zati Planetan.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak gogoratu du Arantxa Tapiaren proiektuek ez dutela errespetatzen administrazio prozedura proiektu eoliko eta fotovoltaikoak instalatzeko

Aiaraldea Mendiak Bizirikek azaldu du Tapiak Energia Berriztagarrien Sektore Planak erabili nahi dituela 100 egitasmo horiek garatzeko eta, aldi berean, gogoratu du Lurraldearen Antolamendurako Zati Planak duela lehentasuna energien sektore planen gainetik.

Gauzak horrela, plataformak legez kanpokotzat jo du Ekonomia Saila egiten ari dena, 100 egitasmo eoliko eta fotovoltaikoak ez baitaude jasota  Lurraldearen Antolamendurako Zati Planetan.

Aiaraldeko Mendiak Biziriken aburuz, sailburua saiatzen ari da herritarren parte hartzea mugatzen lurraldearen antolamenduaren esparruan.

Hori dela medio, plataformak babestu du Gasteizen maiatzaren 20an 18:00etan San Antonio plazan egingo den manifestazioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide