LAB sindikatua Aiaraldea Komunikabidearekin jarri da harremanetan salatzeko Laudioko anbulatorioko larrialdi zerbitzua hiru egunez egon dela medikurik gabe eta ostiralean egoera berean geratu zela Amurriokoa.
Egun txarra gaixorik egoteko Amurrion, larrialdietan ez baitago medikurik eta erizainek haien lana egin behar omen dute. Klinika pribatu-itunpeko bat irekitzea baino ez zaizue geratzen, Hezkuntzan egiten duzuen bezala.
— Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea (@ahpsarea) May 12, 2023
Eskerrik asko EAJ-PNV, segi lasai zure kanpainarekin!
LABeko ordezkariek azpimarratu dute ez dela izan egoera isolatua eta "aurretik hainbat asteburu eta lan egunetan ere ez da medikurik egon".
Sindikatuak azaldu du medikuen ordez erizainak eta zelariak ari direla ez dagozkien ardurak hartzen: "Emergentzia baten aurrean, erizainak ezin du medikuaren agindurik barik medikaziorik eman. Emergentzia batek, berehala artatua izatea eskatzen du, bizitza arriskuan baitago eta egoera honetan, telefono bidezko bitartekaritza bat ez da segurtasunez egin daitekeen artatzea. Osasun egoera ezberdinen aurrean, zelariak erabakiak hartzera behartuak egon dira".
Egungo gabeziak Eusko Jaurlaritzako "logika pribatizatzaileari" egotzi dizkio sindikatuak eta, horregatik, maiatzaren 18an eta 19an Osakidetzan deituta dagoen grebara batzera animatu ditu langileak.