24 urteko gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak Aiaraldean ostiralean, sare sozialetan adingabeei sexu-izaerako proposamenak egitea leporatuta. Laudioko ertzain-etxean abiatu zuten ikerketa, adingabeetako baten senideek salaketa jarri ostean.
Poliziaren aburuz, adingabe horrek ustezko grooming kasu bat pairatu zuen. "Pertsona batek sexu-eskaintzak egin zizkion, telefono mugikorreko sare sozial baten bidez harekin harremanetan jarri ondoren. Adingabea zela jakin arren, sexu-topaketa baterako aurrez aurre biltzea proposatu zion", azaldu dute gaiari buruz argitaratutako prentsa oharrean.
Ertzaintzaren aburuz, ustezko egileak kontu asko zituen sortuta aipatutako sare sozialean. Bere etxebizitza miatu zuten ostiralean, eta hainbat material informatiko konfiskatu zuten. Ertzaintzaren Informazioaren Teknologietako Delituen Atal Nagusia dabil material hori aztertzen.
Poliziak jakinarazi du operazioak irekita jarraitzen duela, biktima gehiago egon daitezkeela uste duelako. "Dirudienez, beste adingabe bati dirua eskaini zion sexu-harremanak izatearen truke", azaldu dute.
Atzo -larunbata- utzi zuten atxilotua epailearen esku.
'Grooming' delitua
Goorming izeneko delitua zertan datzan azaldu du Ertzaintza prentsa oharrean: "Pertsona heldu batek adingabe bat Internet bidez engainatzen duenean gertatzen da, sexu-mesedeak lortzeko asmoz bere konfiantza bereganatzeko. Pederastak xantaia ere egin diezaioke biktimari, baldin eta sexu-jarrera konprometituetan argazkiak edo bideoak lortu baditu".
Gauzak hala, hiru aholku eman ditu poliziak horrelako egoerak prebenitzeko:
- Argazki konprometituak ez gordetzea edo trukatzea.
- Ez da inoiz amore eman behar xantaiaren aurrean, edonolakoa izanda ere.
- Ez eman inoiz pasahitzik inori.