Azkena Rock Festival jaialdi ezaguna ekainaren 15ean, 16an eta 17an izango da Gasteizen, eta Iggy Pop, Melvins edota Calexico bezalako nazioarteko artista ospetsuek joko dute.
Edonola ere, data hori heldu baino lehen, Azkena Rock Festival Tour antolatuko dute, eta Aiaraldean izango dira egitasmoaren bi kontzertuak.
Ekainaren 9an, ostiralean, Moonshine Wagon eta Micky and The Buzz taldeak arituko dira Artziniegako frontoiko aparkalekuan. Moonshine Wagon erreferente bihurtu da heavy-bluegrass estiloan eta kide aiaraldearra dauka, Goiatz Dutto laudioarra, alegia. Micky and The Buzz, berriz, rock and roll klasikoko boskote bilbotarra da, eta Micky Paianok ditu abeslari ardurak.
Larunbatean, ekainaren 10ean, Laudioko Lamuza frontoian izango dira kontzertuak. Bilboko Los Brazos power-hirukoa, Xuorum punk-rock taldea, eta tokiko Doctor Lawson taldea arituko dira oholtzan.