Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak parte hartze aktiboa izan zuen Gasteizen egindako manifestazio jendetsuan

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 25a, 21:30

Energia makroproiektuen aurka aritzen den plataformak modu aktiboan parte hartu zuen pasa den larunbatean Gasteizen egindako manifestazioan eta dozenaka lagun joan ziren eskualdetik protestara batzeko.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak bat egin zuen pasa den larunbatean Gasteizen deitutako manifestazioarekin. Mobilizazioaren leloa 'Araba Bizirik' izan zen eta herriz herri agertu diren makroproiektu anitzak salatzea izan zen helburua.

Gauzak horrela, eskualdeko taldeak bere aldarrikapenak eraman zituen hiriburura, Gorobel, Untzueta eta Larragorrin eraiki nahi dituzten azpiegitura eolikoen kontra, besteak beste.

Han, AHTren edo bestelako egitasmoen aurka aritzen diren kolektiboekin elkartu zituzten indarrak. Tokiko plataformako kide batek azaldu du gutxienez 50 lagunek jo zutela Aiaraldetik Gasteizera: Orozkokoak, Laudiokoak, Urduñakoak...

Protesta San Anton plazatik abiatu eta Foru plazan amaitu zen eta milaka herritar batu zituen. Txalaparta, bertsolariak, adierazpen bateratuaren irakurketa eta Sami herriko emakume baten adierazpenak ere egon ziren. Mice artistak abesti bat jo zuen ekitaldia ixteko.

Plataformak oso modu positiboan baloratu du mobilizazioa, jendetsua izan zelako eta erakutsi zutelako tokiko taldeak, txikiak izan arren, indar erakustaldiak egiteko gai direla.

Halaber, Aiaraldeko Mendiak Bizirik-ek helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzak abiatu duen Energia Berriztagarrien Lurraldeko Sektore Planari eta eskatu dio prozedura etetea, argudiatuta tokiko eta foru erakundeen araudiak ez direla aintzat hartu plana erredaktatzean.

Hori dela medio, eta azalduta hauteskundeen ondoren gobernu berriak osatuko direla, dokumentuaren onarpena gelditzea exijitu diote jaurlaritzari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide