Aretako mendizale batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari mastin batek eraso egin eta zauritu zuela igandean Ganekogortako tontorraren bidean. Kirolariak artalde batekin eta arraza horretako bi txakurrekin egin zuen topo 09:00ak aldera eta mastinetako batek eraso egin zion.
Mendizaleak korrika ihes egin zuen eta maldan behera zihoala, erori eta min hartu zuen. Besoetan zauri arinak izan zituen eta aldaka bihurritu zuen.
Gertakariaren ondoren, Ertzaintzari deitu zion eta poliziak azaldu zion beste eraso bat jazo zela toki eta egun berean.
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da poliziarekin eta honek berretsi dio egun horretan bertan, 06:45ean, mendizale bat Basurtuko ospitalera eraman behar izan zutela larrialdi zerbitzuek, beso batean kosk egin baitzion txakur batek Ganekogortan.