Gauean Urduñako taberna batean lapurreta egin dute bart. Lokaleko kristala hautsita, norbaitek kutxa erregistrazaileko eta joko-makinan zegoen dirua eraman du.
03:20ak aldera, Ertzaintzaren patruila batek 38 urteko gizonezkoa ikusi du Iñarratxuko geltokian (Saratxon). Hain zuzen, oinez zebilen trenbidetik eta polizia ikusi duenean korrika egiten saiatu da.
Ertzainek gizona harrapatu dutenean, lanabes batzuk, goma batekin bildutako billete-sorta bat eta pare bat kilo txanpon zituen plastikozko poltsa bat aurkitu dizkiote bere gauzen artean. Poliziak objektu guztiak tabernan gertatutakoarekin lotu eta atxilotu egin du gizonezkoa, indarrez erabilitako lapurreta leporatu dio. Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku utziko dute.