Edonola ere, Aiaraldeko herri populatuenean alkategai bozkatuena ez izatea -akordioen bidez oraindik alkatetza eskuratu dezake oraindik Ander Añibarrok eta hor dago Omniaren garrantzia-, ez du esan nahi mugarririk jarri ez zuenik atzo. Esaterako, Okondon gehiengo absolutua eskuratu du EAJk. Halaber, duela lau urteko bozka kopuru berarekin, Iker Santocildes jeltzalea izango da Urduñako alkate berria. Orozkon ere gehiengo absolutua bereganatu du EAJk, ADIEren tokia guztiz hartuta. Amurrion Txerra Molinuevok eutsi dio aginte makilari eta ez du arazorik izango gobernatzeko PSE-EEren babesarekin.
EH Bilduk gora, baina Urduña galduta
EH Bilduk ezuste atsegina izan zuen Laudion eta 29 botoko aldearekin izan da zerrenda bozkatuena. Arrankudiaga-Zollon eta Artziniegan, gainera, alkatetzak mantenduko ditu eta oposizioarekin handitu du aldea.
Dena den, dena ez da izan positiboa koalizioarentzat. Urduñako alkatetza galdu du hamabi urtez gobernatu eta gero eta Aiaran zein Okondon hirugarren indar gisa egongo da udalbatzan. Okondon ez da egoera guztiz berria, baina zinegotzi bat gutxiagorekin egingo dute.
Bi indar hauek sendotzearekin batera, PP erabat desagertu da mapa politikotik eta ez du zinegotzi bakar bat ere izango, Artziniegakoa galduta. Alderdi independenteen egoera ere aldakorra izan da; Arakaldo Taldeak alkatetza izango du, baina beste batzuek ez dute zinegotzirik izango edo boto gutxiago jaso dituzte. Horien artean Aiara Batuz izan da indartuen atera dena, eta Omniak, nahiz eta ehunka boto gutxiago izan, giltza izan daiteke Laudioko udal gobernu taldea osatzeko.