Arabako Txakolinaren nazioarteko proiekzioak haziz jarraitzen du, eta merkatu kuota berriak irabazi nahi dituzte ekoizle eta upategiek. Mariano Alavak, Arabako Txakolina Elkarteko lehendakariak, produktuen kalitate “paregabea” jarri du nazioarteko arrakasta horren erdigunean; “gure produktuak erosten badituzte oso onak direlako da”.
Inflazioaren urtea
Halaber, azken urtea berezia izan da txakolin ekoizleontzat, inflazioare eta nazioarteko ekonomiaren egoera ziurgabearen ondorioz. “Material guztien kostuak gora egin du nabarmen, baita energia eta erregaien prezioak ere. Horrek guztiak eragin zuzena izan du ardoaren prezioan, eta nagusiki nazioarteko esportazioan”, azaldu du Mariano Alavak. “Alde batetik, upategiok arazoak izan ditugu kutxak, botilak eta abarrekoak eskuratzeko. Bestalde, inportatzaileek ere arazoak izan dituzte; kontenedoreak helmugara bidaltzeko zailtasunak izan dituzte”.
“Material guztien kostuak gora egin du nabarmen, baita energia eta erregaien prezioak ere”
Aurreikuspen negatibo horiek mahai gainean izanda, bezero askok antelazioz hornitu dira, eta stockean gabeziarik ez izateko behar baino gehiago inportatu dutela azladu du Arabako Txakolina Elkarteko lehendakariak; “merkantziarik gabe geratzea kezka nagusia zen”.
Hori dela eta, salmenta oso onak izan ziren 2022ko lehenengo hiruhilekoan, eta horrek salmenten datuak zertxobait desitxuratu ditu, aurreko urteekin alderatuta. “Gaur gaurkoz, azken urteetako bataz besteko bat eginez, esportazioak salmenten %30 baino gehiago suposatzen du Arabako Txakolinarentzat. Datu horiek handitu nahi dugu. Izan ere, txakolinaren kontsumitzaile potentzialak izan daitezkeen zenbait merkatuetan sartzen hasiak gara”, azaldu du Alavak. Nagusiki Arabako Txakolina Hego Amerikako eta Asiako merkatuetara zabaltzea da orain tokiko ekoizleek aurrera begira duten erronketako bat.
Badira, ordea, sendotuz doazen merkatuak, non ardoaren kontsumoa garagardoaren kontsumoarekin lehiatzetik gertu kokatzen ari den, Mariano Alavak aitortu duenez. “Oso merkatu inportanteak dira, eta Europako herrialdeetako datuak gaindituz doaz ardoaren kontsumoari dagokionean, historikoki ohitura gutxiago izan duten arren gisa honetako produktuetan. Asko ari gara hazten Estatu Batuetan, Japonian, Australian edota Kanadan”.
Mariano Alavak argi du zein den nazioarteko arrakasta horren gakoetako bat, eskaera eta eskariaren arteko oreka ondo gordetzea. “Arabako Txakolina Jatorri Deituran zuhurtziaz jokatu egin izan dugu, eta gure eskaintza eskariaren atzetik joan da beti. Gainprodukzioa ekidin nahi izan dugu beti, horrek kalitatean eragin negatibo zuzena izango lukeelako zalantzarik gabe. Oreka horrek ere, prezio orekatu bat mantetzen lagundu digu”, aitortu du elkarteko lehendakariak.
“Arabako Txakolina Jatorri Deituran zuhurtziaz jokatu izan dugu, eta gure eskaintza eskariaren atzetik joan da beti”
Ukrainako gerra
Ukrainako gerrak ere eragin zuzena izan du txakolinaren nazioarteko hedapenean. “Azken urteetan irabazitako merkatuak galdu ditugu, espektatiba handiak genituen Errusiako merkatuan sartzeko. Ukranian urteak generamatzan gure produktuak saltzen, eta orain merkatu hori ere galdu dugu. Egoera nola bdieratuko zain gaude, berriro ere merkatu horietan Arabako Txakolina sartzeko”, azaldu du Mariano Alavak.