TXAKOLIN EGUNA 2023

%59 egin du gora aurtengo txakolin uztak eta maximo historikoetatik gertu kokatu da

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mai. 31a, 07:00

Uztaren kalitatea oso ona izan dela azaldu dute adituek. / Aiaraldea.eus

2021eko uzta %59an gainditu du aurtengoak, eta 2020ko uztako maximoetatik oso gertu geratu dira bildutako 716.000 kilogramoak. Kalitate aldetik ere “emaitza paregabea” izan dela nabarmendu dute Arabako Txakolina Jatorri Deiturako ekoizleek. Uda sasoia hastear, aurreikuspen onekin begiratzen diote 2023ko uztari.

Zailtasunak zailtasun uzta oparoa izan da 2022koa, eta txakolin ekoizleen hitzetan kalitate handiko produktu batean izan du emaitza. Klima aldakor batek markatu du azken uzta. Mariano Alavak uda sasoiko tenperatura altuetan jarri du fokua. “Iazko udako sargoriak eta tenperatura altuek estres handia eragin zuten mahastietan. Hori dela eta, alarma guztiak genituen piztuta”, azaldu du Arabako Txakolina Elkarteko lehendakariak. Gainera, azken urteetako joera jarraituz, 2022ko uzta aurreratu egin behar izan zuten: “Normalean urri erdialdean biltzen dugu mahatsa, baina azken urteetan irailera aurreratu behar izan dugu uzta jasotzea”.

“Iazko udako sargoriak eta tenperatura altuek estres handia eragin zuten mahastian. Hori dela eta alarma guztiak genituen piztuta”

Halaber, uzta jasotzeko egunen aurretik izandako eguraldia paregabea izan zela adierazi du Mariano Alavak; “mahatsari behar bilatzen genuen heldutasunera iristea baimendu zion eguraldiak, eta uzta borobildu zuen”. Arabako Txakolina Elkarteko lehendakariaren iritziz, azken egun horietako baldintzak determinanteak izan ziren aurtengo txakolinak lortu duen “kalitate paregabea bermatzeko”.

Uzta oparoa

2021eko uzta izozteek eta Mildiu onddoaren agerpen bortiztak markatu zuten. Horren eraginez, produkzioak behera egin zuen nabarmen. 2022Ko uztak, ordea, egoera negatiboa iraultzea lortu du. Hain zuzen ere, aurreko urtearekin alderatuta, %59 egin du gora mahats produkzioak azken uzta honetan. “Kantitate aldetik, errekorra gainditzetik oso gertu egon gara”, adierazi du Alavak.

Datu zehatzetara ekarrita 716.000 kilogramo mahats bildu dituzte azken uztan. “Zifra horrek 2020ko kopurua errepikatzetik 2.000 kilogramora utzi gaitu”. Urte hartan 718.000 kilo mahats bildu zituzten, azken urteetako kopururik handiena.

“716.000 kilogramo mahats bildu dira azken uztan. Zifra horrek 2020ko kopurua errepikatzetik 2.000 kilogramora utzi gaitu”

Kalitate ona

Mariano Alavak 2022ko uztatik ateratako txakolinaren “kalitate paregabea” nabarmendu du. Horren frogatzat jo du nazioarteko salementen gorakada etengabea. “Merkatu horietan ez gaituzte erosten laguntasunagatik. Baldintza berdinetan lehiatzen gara mundu osoko ardoekin, eta ala eta guztiz ere salmentek gora egiten jarraitzen dute. Gure txakolinaren kalitatea ukaezina da”.

Urtarrilean egin zituzten lehen aurre-dastatzeak, eta EHUko Zentzumen Laborategira eraman zituzten gero laginak, kalifikazio ofiziala eskuratzeko. Une horretan baieztatu ahal izan zuten ardoaren kalitatea ona zela.

Aditu gehiago ere bat datoz txakolinaren kalitate onarekin, Errioxako Unibertsitateko enologia irakasleek ere goraipatu egin dute aurtengo ardoa.

Aurreikuspen oparoa

Uda ate-joka dagoen honetan aurtengo uztari begira jarri dira Arabako Txakolina Jatorri Deiturako ekoizleak. Maiatzeko eguraldi hezeak asko lagundu duela aitortu dute guztiek, eta udan kaskabarra edo aparteko sargoririk egon ezean 2023koa ere uzta oparoa aurreikusi dute kantitate aldetik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide