385 familia lagundu zituen iaz Caritasek Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 9a, 20:30

Agerraldia egin du Caritasek aste honetan. / Caritas

Gasteizko Caritasek zabaldu ditu datuak, egungo egoera sozioekonomikoaren irakurketarekin batera. Bere ustez, Atzerritartasun Legea eta etxebizitzaren egoera oztopo oso handiak dira familia ugarirentzat.

Gasteizko Caritasek jakinarazi du zeintzuk izan ziren bere esku-hartzeen datuak Araban iaz. Izan ere, 2022an 15.459 lagunek jaso zuten Caritasen laguntza, aurreko ekitaldian baino 644 familia gehiagok, gutxi gorabehera, 1.900 pertsona gehiagok.

Horietatik 385 familia Aiaraldekoak ziren. Caritasen arabera, Araban herritargoaren %10,4 bizi da bazterketan, hau da, pobrezia erlatiboan eta %9,6, aldiz, pobrezia larrian.

Elizara lotutako taldeak honakoa adierazi du: "ikusten dugu gero eta jende gehiago dagoela bazterketa-egoera larrian. Gizarte-haustura ari da gauzatzen klase ertainekiko eta gizarte aberatsarekiko".

Caritasen laguntza jaso dutenen artean, %66 emakumezkoak dira eta %76 atzerritarrak. Ildo horretatik, Atzerritartasun Legea zentzugabekeria dela salatu dute eta aldaketak beharrezkoak direla aldarrikatu: "Beharrezkoa da Atzerritartasun Legea aldatzea, gure herrialdera iristen diren pertsonek hiru urte itxaron beharrik izan ez dezaten lan egin ahal izateko. Gizatasunik gabea da, eta erabateko segurtasunik eza eragiten die pertsona horiei beren bizitzari eta aukerei dagokienez".

Etxebizitza

Etxebizitzarena ere kokatu dute aurre egin beharreko arazoen artean: "Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek eta etxebizitza mantentzeko gastuek oinarrizko premietan egin beharreko gastua nabarmen murriztera behartzen dituzte familiak".

Horrez gain, Caritasek nabarmendu du iaz bere aldetik laguntza jaso zuten pertsona edo familien %46,3k etxebizitza partekatzen duela (%43k, 2021ean). Datu horrek agerian uzten du nolako zailtasunak dituzten familiek oinarrizko eskubide hori eskuratzeko. 2022ko urteko memoriako datu aipagarria da diru-laguntzen %50 inguru etxebizitzarekin zerikusia duten arazoei aurre egiteko erabiltzen dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide