Oinharri formazio politikorako eskolako kideak Faktorian egongo dira bihar (ekainak 13, asteartea), 19:00etan, euren proiektua azaldu eta uztailean egingo duten Formazio Barnetegia aurkezteko. "Aurkezpenean aditzera eman nahi dugu zer den Oinharri formazio eskola, nondik sortu zen eta nola kokatzen den egitasmo hau Euskal Herrian”, azaldu dute eskolako kideek.
Aurreratu dutenez, herri mugimenduei formazio politikoa eskaintzea da proiektuaren xede nagusia, eta nabarmendu dute ez dela Euskal Herriko “ekimen isolatu” bat, antzeko eskolen “munduko sare bat” existitzen delako.
Eskolaren metodo pedagogikoa ere izango dute hizpide biharko aurkezpenean. Brasilgo lurrik gabeko langileen mugimenduaren (MST) formazio ikuspegia jorratzen dute. "Elkarbizitzan formatzen gara, eta ez gara alde teorikoan soilik zentratzen", azpimarratu dute.
Gauzak hala, lau “irakaskuntza eremu” barnebiltzen ditu eskolak: “komunitate lanak, parte teoriko-praktikoa, antolakuntza eta kultura”. Guztiei ematen diete garrantzi bera, eta elkar uztartzen dituzte eskolan.
Asteartean (bihar) Laudion Oinharri Eskola eta aurtengo Udako Barnetegia aurkeztuko ditugu. Hurbildu zaitezte Euskal Herriko formakuntza egitasmo paregabe hau ezagutzera!@EkintzaFaktoria
— Oinharri Eskola (@Oinharri_eskola) June 12, 2023
@orbekaos
@AmurriokoGA
@aiaraldeafm
@AiaraldeaGreba
@GKS_aiaraldea@AskapenaAiarald pic.twitter.com/IuO3EVN5pv
Proiektuaren webgunean topatu daiteke informazio gehiago.
Zergatik Aiaraldean?
Horrez gain, aurtengo barnetegiaren aurkezpena Aiaraldean egitearen arrazoia ere azaldu dute Oinharriko kideek: “Iaz Gasteizen egin genuen aurkezpena eta ikusten genuen berriz hemen egiteak ez zuela zentzurik. Gauzak hala, buruan genuen Aiaraldean egitea, antolakuntza eta herri mugimendua duen eskualde bat delako eta, azken finean, Oinharri formakuntza eskolak herri mugimenduarentzako tresna eta bitarteko bat izan nahi duelako”.
Gaineratu dutenez, gertutik jarraitu dituzte eskualdean azken urteetan egondako langile mugimenduak, eta horregatik pentsatu dute aurkezpena eskualdean egitea.