ESTI GARMENDIA SANTAMARIA

“Hezkuntza Lege berriarekin gutxiago dutenei ukatuko zaie eskola aukeratzeko eskubidea”

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 16a, 07:30

Aiaraldea Hezkuntza Bizirik plataformako kidea da Esti Garmendia. / Aiaraldea.eus

ESTI GARMENDIA SANTAMARIA (Laudio, 1976) Aiaraldea Hezkuntza Publikoa Bizirik plataformako kide gisa egon zen astelehenean Eusko Legebiltzarrean eta gogor kritikatu zuen Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Hezkuntza Lege berria.

Astelehenean agerraldia egin zenuten Eusko Legebiltzarrean, noren izenean eta zein testuinguruan?

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege Proiektu berria aurkeztu zuen Legebiltzarrean eta ostean parte hartze epea ireki zuten. Eragileek egiten dituzte agerraldiak eta horregatik egon ginen. Uste dut azkenak izan garela eta 50 inguru igaro direla: sindikatuak, plataformak...

Zein izan zen zuen mezua? 

Lehenik eta behin, gure burua aurkeztu genuen Aiaraldea Hezkuntza Publikoa Bizirik plataforma gisa. Azaldu genuen zergatik sumatu dugun biltzeko eta elkarlanean aritzeko beharra. Argitu genuen zein herrik osatzen duten eskualdea eta azken urteotan jasan ditugun erasoak.

Gure hitzartzea bi zatitan banatu genuen, Zabalekoko kide baten eta bion artean. Zaurgarritasun indizea baliatuta nola aurreikusi duten matrikulen banaketa, segregazioa... izan genuen hizpide.

Alderdi batzuek leporatu ziguten legeari ekarpenik ez geniola egin, baina legearen oinarriarekin ez gaude ados, itunpeko hezkuntza zentroak eta Eskola Publikoak maila berean jarrita sortu nahi baitu sistema berria. 

"Ezin diogu Hezkuntza Legeari ekarpenik egin, bere oinarrien aurka gaudelako, itunpeko zentroak eta Eskola Publikoa ezin dira maila berean jarri"

Horren kontra gaude. Txostenek erakutsi dute itunpeko zentroak dauden herri edo auzoetan segregazio tasa handiagoa dela. Nola egin nahi dute segregazioaren kontra hori ahalbidetzen duten faktoreei zilegatsun osoa ematen badiete?

Ezin diogu Hezkuntza Legeari ekarpenik egin, bere oinarrien aurka gaudelako. Gainera, lege berria atzerapauso ikaragarria izango da euskararen esparruan. Batzuek diote ereduak mantenduko dituztela, baina Sailburuak ez du hori berretsi. Berak adierazi zuen ikastetxe bakoitzak izango duela autonomia erabakiak hartzeko eta hizkuntzak kudeatzeko. Jokin Bildarratzek berak jarri zuen adibidea, ikastetxe batek erabakiko balu beste hizkuntza batean %80an irakastea, hori orekatzeko nahikoa izango luke hiru eguneko egonaldia egitearekin barnetegian.

Azken hamarkadetan ez bada lortu ikaslego osoaren euskalduntzea, nola egingo dute bakoitzak erabakitzen badu zer egin eta murgiltze eredurik ez badago? Asko kezkatzen gaitu horrek.

Nola jaso zuten alderdiek kritika horiek?

Denetarik egon zen. Batzuek esan zuten herriz herri eta auzoz auzo Eskola Publikoaren alde egingo dutela, baina kontraesankorra da, sistema berri honen sorrera babesten baduzu. Gutxirako balioko du herriz herri Eskola Publikoaren alde egitea, lege honen alde bozkatzen bada. 

Eskualdeko kasuei buruz hitz egin zenuten?

Oso gainetik. 15 minutu baino ez genuen eta aipatu genituen Zabalekon gertatutakoa 2021ean, Mendikon jazotakoa aurreko ikasturtean (hiru urteko gelakoen lerro bat itxi zuten) eta baita Aretako afera ere.

Gainera, Zabalekon eta Lamuzan bi aurrematrikula aldatu dituzte zaurgarritasun indizeak baliatuta.

"Zaurgarritasun indizea ezartzeko galdetegia iraingarria da"

Zein izan da zuen esperientzia Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituen zaurgarritasunaren kontrako neurriekin?

Lehenengo sorpresa izan zen galdetegia oso iraingarria eta baztertzailea dela eta familien pribatasunaren kontrakoa dela. Galdetegi horien ondorioz, zaurgarritzat jotzen diren familiek galtzen dute ikastetxea hautatzeko aukera. Hori ez da duina eta ezin da onartu.

Hezkuntza da gizartea eraldatzeko lehen pausoa eta pentsatu behar dugu zein gizarte mota nahi dugun. Momentuz, neurri honekin gutxien dutenei ukatu zaie eskola aukeratzea. Gainera, Eskola Publikotik itunpeko sistemara bideratu dituzte, baliabide publikoak daudenean. Halaber, pentsatzen dugu neurri arrazista dela. Pentsatu behar dugu non dauden neurri horien haziak eta zeintzuk diren aurreiritziak.

Eskola Publikoak ateak zabalik ditu guztientzat eta egungo gizartea zabala da. Hori onartu behar dugu.

Jantokiei buruz ere hitz egin zenuten, ezta?

Bai, Eskola Publikoak ezin du jantoki eredua aukeratu. Araututa dago cateringa erabili behar duela, araudian horrela diote. Soilik daude bost ikastetxe publiko euren janari propia prestatzen dutenak eta proba pilotuak dira. Urduñakoa da horietako bat, adibidez. 

Hurrengo ikasturtean, gainera, ezberdintasunak egongo dira sukaldea duten eta ez duten ikastetxeen artean. Adibidez, Lamuza Eskolan ez dugu eta badirudi gure cateringa okerragoa izango dela.

Itunpekoek nahi dutena egiteko eskubidea dute sukaldeari begira. Hala ere, sistema berean sartu nahi gaituzte, kudeaketa ereduak oso bestelakoak izan arren.  

"Lege honek Eskola Publikoa ahulduko du. Bere helburua da gela publikoak itxi eta itunpekoak babestea"

Finantzazio bera izango dugu, baina eskola publikook ezingo dugu aukeratu jantokiarekin zer egin eta itunpekoetan bai. 

Gu ez gaude itunpeko eskolen kontra, baina Hezkuntza Legearen ardatza Eskola Publikoa izan behar du.
Hezkuntza Legean aipatzen diren hitz politen aurka nor egongo da? Erresilientzia, autonomia, ongi izate emozionala... Baina arazoa dator hori dekretuetan islatzen dutenean, zaurgarritasun indizeekin erakutsi duten moduan.

Lege honetan, itunpeko sistemari, hau da, hezkuntza negoziotzat duen sektoreari, zilegitasun osoa ematen zaio eta hori iruditzen zaigu oso arriskutsua. 

Eta ez hori bakarrik, Hezkuntza Legeak Eskola Publikoa ahulduko du, esperientziagatik ikusten baitugu errazagoa dela gela publiko bat ixtea, ikastetxe pribatu baten gela ixtea baino. Ikusita demografiagatik (gero eta ume gutxiago jaiotzen dira) gelak itxiko direla, argi dago publikoak ixtea bilatuko dutela. Urtero ixten dira gela publikoak. Legeak itunpekoak babestuko ditu eta publikoak bigarren mailakoak bihurtu.

Zentzu horretan, bereziki ikusten ditugu arriskuan Areta, Zabaleko edo Lamuza bezalako eskola txikiak, zeinetan ratioak oso egokiak diren, ikasle gehiegi ez daudelako. Uste dugu Eusko Jaurlaritzaren apustua izango dela ikastetxe masifikatuak mantentzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide