Ate joka dago udako solstizioa eta horrekin batera Aiaraldeko San Juan jaiak. Herri eta auzo ugaritan piztuko dituzte suak ekainaren 23ko gauean, eta hainbat egitarau egin dituzte publiko honezkero.
Horien artean dago Urduñako sanjuanetako egitaraua. Ekainaren 23an Terrero auzoan prestatuko dute jaia, 20:00etatik aurrera. Musika, dantza, jana, zurrakapotea eta akelarrea izango dira gaueko osagai nagusiak.
Asteburu musikala eta akelarrea
Amurrion ere musika izango da sanjuanetako jaun eta jabe. Solstizioaren jaia probestuz, asteburu musikala antolatu dute, herriko hainbat txoko girotzeko asmoz. Ostegunean -ekainak 22- ekingo diote egitarauari Udal Musika Eskolako ikasleek Amurrio Antzokian 19:00etan eskainiko dute kontzertuarekin.
Ekainaren 23an parkea izango da egitarauaren epizentroa. 17:30ean bertsolariak arituko dira "oholtzapetik" kantuan, eta 19:00etan Combos taldeak kontzertua eskainiko du. 19:30ean, ordea, Kalaka egurrezko jolasak eta eskaut taldeak antolatutako txokolate-jana egongo dira bertan.
Honezkero hasi dituzte akelarrea prestatzeko entseguak, arratsaldero 19:00etan Matias frontoian.
22:30ean, ilundu bezain laster, Otsemeak Neska* Gazte Taldeko kideek sua piztu eta akelarrea egingo dute parkearen erdigunean. Honezkero hasi dituzte prestatzeko entseguak. Gaztetxean ari dira orain akelarrearen dantzak prestatzen, eta datorren astean Matias frontoira eramango dituzte prestaketa lanak. Halaber, egunero zabalduko dituzte entseguen hitzorduak Otsemeaken Instagram kontutik. Amurrioko neska gazte orori luzatu diote bertan parte-hartzeko gonbita.
Akelarrea amaitzean Luhartz erromeriak girotuko du gau-giroa.
Solstizioa atzean utzita, asteburu musikalarekin jarraituko dute aurrera Amurrion. Larunbaterako -ekainak 24- dozena bat kontzertu prestatu dituzte udalerriko taberna ugari elkartuko dituen poteo musikalean. Hauek dira kontzertuak eta ordutegiak:
- 12:30 // Gtx Los Otros. Rinconcito.
- 13:00 // Txobraceras. Albizabal.
- 13:30 // Sabes Muy Bien. Rubik.
- 13:30 // Vandeways Duo. Guk.
- 14:00 // Kesonikete. Lasai Taberna.
- 19:00 // Eriz Perez. Txokogorri.
- 19:30 // Garisound. Taberna Frontón.
- 20:00 // Endika Delaia. Arkune.
- 20:00 // Alex Ferreira. Terraza.
- 20:30 // Tutuka. Alanbike.
- 21:00 // The Swallows. Kili.
- 23:30 // Nacho`s Dick. Biderdi.
San Joan Astobitzako jaiak
Laudion ere ez diote hutsik egingo ekaineko hitzorduari. Urtero bezala, San Joan Astobitzako Jai Batzordeak hiru eguneko egitaraua prestatu du Larrazabal auzoan. Festa nagusia ostiralean -ekainak 23- egingo dute. 18:30etik aurrera haurrentzako jolasak eskainiko ditu Kirikiño Atseden Taldeak eta Galtzagorri Kultur Taldeko buruhandiak ere izango dira inguruan. Sua piztearekin batera, txokolatada eta dantza erakustaldia egingo dute Akelarre dantza taldeko kideen eskutik. Azkenik, Beranduegi Erromeriak eta DJ Reimyk ordu txikietara arte luztauko dute jai-giroa.
Ekainaren 24ko goizean Andere abesbatzak kontzertua eskainiko du baselizan, eta 13:00etan aizkolari eta trontzalarien proba mistoa egingo dute. Santa Luzia abesbatzaren kontzertuak itxiko du jaien egitaraua igandean.