Aiaraldeko Udaletako aginte makilak eskuz aldatu dira gaur. Maiatzaren 28ko hauteskundeetatik ateratako udalbatzak osatu eta alkateak hautatu dituzte udalerriz udalerri, legealdi berriari hasiera emanez.
Aiaran izan dira udalbatza osatzen lehenengoak, eta bertan jazo da eguneko sorpresa: Aiara Batuzek alkatetza eman dio EH Bilduko Pruden Otegiri. Datozen egunetan ere zeresana emango du erabakiak.
Laudiok hartu dio lekukoa Aiarari, eta bertan ere botere aldaketa gauzatu da. Hau, ordea, ez da ezustekoa izan; Omnia alderdi independenteak ostegunean iragarri baitzuen EH Bilduren proiektuari emango ziola babesa. Horrenbestez, Ainize Gastakak altxatu du Ander Añibarrok luzatu dion aginte-makila, dozenaka ikusle elkartu dituen udalbatza aretoaren erdian.
10:00etan Arrankudiaga-Zolloko eta Amurrioko udalbatzen txanda iritsi da. Azken legealdian bezala, Txutxi Ariznabarretak eta Txerra Molinuevok gidatuko dituzte udal-gobernu horiek, hurrenez hurren. Arrankudiaga-Zollon EH Bilduk gehiengoa lortu zuen maiatzeko udal hauteskundeetan. Amurrion, aldiz, PSE-EEren babesa jaso du Txerra Molinuevoren hautagaitzak, eta aliantza horrek gehiengo absolutua eskainiko dio datozen asteetan osatuko den udal-gobernu berriari.
10:30etan Artziniegan eta Urduñan osatu dituzte udalbatzak. Artziniegan Joseba Vivanco izango da alkate berriro ere, duela lau urte lortutako gehiengo absolutua zinegotzi bat gehiagorekin hobetu ostean. Urduñan, ordea, Itziar Bigurik Iker Santocildesi eman dio aginte makila, EH Bilduren 12 urteko gobernuari amaiera emanez.
Arakaldon, aldiz, herrian sortu berri den talde independenteko Sonia Hidalgo Carrascosak jaso du aginte-makila, azken bi legealdietan alkate izandako Jabi Asurmendiren eskutik. Orozkok ere alkate berria izango du aurrerantzean: Aitor Iza jeltzalea. 12 urtez gobernuan egon den Adie talde independentearen desagerpenak mapa politikoa eraldatu du udalerrian eta, orain, EAJ eta EH Bildu dira ordezkaritza duten alderdi politiko bakarrak. Izak hunkituta hartu du aginte makila, oposizioko Samuel Pasandini eskua luzatuz.
Okondoarrak izan dira udalbatza osatzen azkenak. Bilkura azkarra izan da. Izan ere, EAJk lortutako gehiengo absolutuari esker, Jon Escuza udalerriko alkatea izango da beste lau urtez.
Argazkiak: Aitor Aspuru Saez, Jone Gartzia Gerra, Txabi Alvarado Bañares eta Aimar Gutierrez Bidarte