Udal eta foru hauteskundeak pasata, beste esparru batean jarri du begirada Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak: kirolean, eta, zehazki, futbolean. Horretarako, Jokoz kanpo? kanpaina abiatu du eragileak, hainbat bideo plazaratuta:
Iragan ostegunean egin zuten ekimena aurkezteko agerraldia Laudioko Lamuza parkeko futbito zelaian. Eskualdeko hainbat norbanakok eta eragileetako ordezkarik hartu zuten parte ekitaldian, eta beste hainbatek ere egin dute bat Kontseiluak plazaratutako manifestuarekin.
Adierazpen horren bidez, eskualdeko futbol taldeak eta klubak interpelatu dituzte, eta bost eskaera zehatz egin dizkiete:
- Euskalgintza eta instituzioekin elkarlanean aritzea futbolean euskara sustatzeko
- Futbol taldean euskara bultzatzeko, Euskara Plana egin eta bete dezala futbol elkarte bakoitzak
- Komunikazio osoa (kartelak, esatariak, prentsa-oharrak, deialdiak,...) gutxienez elebitan izan dadila,
euskarari lehentasuna emanez - Beheko mailetatik hasita entrenatzaileak euskaldunak izan daitezela
- Futbolak duen gizarte proiekzioa kontuan hartuta, gure hizkuntzarekiko jarrera pro-aktiboa izan dezatela
Agerraldian gogorarazi zutenez, dagoeneko ekimen ugari egin dira eskualdeko futbolean euskara sustatzeko, "baina fruituak ez dira esperotakoak izan". Horri lotuta, nabarmendu dute euskarak presentzia handiagoa duela Aiaraldean praktikatzen diren beste kirol batzuetan. "Futbola eskualdean jende gehien mugitu eta baliabide gehien dituen kirola izanik, nola liteke euskara jokoz kanpo geratzea?".
Horrez gain, gurasoei ere eskatu diete kanpainara batu eta "futbola euskaraz" eskatzea, aisialdia eta kirola ere "pieza klabeak" direlako "seme-alaben euskalduntzean".