Bizkaimendi Federazioak landa-eremuetako ekintzailetza-proiektuen lehiaketa bat egingo du

Jone Gartzia Gerra 2023ko eka. 20a, 09:00

Landa eremuan ekintzailetza eta enplegua sustatzea izango da laguntza programaren xedea.

Arakaldon, Arrankudiaga-Zollon eta Orozkon kokatutako ekintzailetza-proiektuak zein zerbitzuak aurkez daitezkee lehiaketara. Epea uztailaren 28an itxiko da eta aurkeztutako ekimenen artean 1.000 euroko lau sari banatuko ditu Bizkaiko Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak.

Lehiaketa bat jarri du martxan Bizkaimendik, Bizkaiko Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak, lurraldean ekintzailetza-proiektuak eta kultura ekintzailea sustatzeko eta landa-ingurunean enplegua sortzeko.

Bi baldintza nagusi daude lehiaketan parte hartzeko. Batetik, aurkeztutako proiektuek Bizkaiko landa-ingurunean kokatuta egon behar dute, zehazki, Eusko Jaurlaritzaren 2023-2027 urteetako 10.000 biztanletik beherako udalerrien zonifikazioaren arabera. Aiaraldean, Arakaldok, Arrankudiaga-Zollok eta Orozkok betetzen dituzte baldintza horiek.

Bestetik, proiektuak deialdiaren oinarrietan ezarritako honako tipologia hauetako batean kokatuta egon beharko dira: “Enplegua sortzen duten proiektuak, ekoizpen-berrikuntzakoak edo elikadura-kateari balioa ematera bideratutakoak, merkataritza-negozioak irekitzean oinarritutako proiektuak edo landa-eremuetan jarduera ekonomikoa edo zerbitzukoa sortzen dutenak”.

Bizkaimendik jakinarazitakoaren arabera, ekimenek ez dute zertan sektore jakin batekoak izan behar: “Gainerako baldintzak betez, nekazaritzako elikaduran, abeltzaintzan, nekazaritzan, energian, basogintzan, biztanleentzako zerbitzuetan edo artisautzan, besteak beste, oinarritzen den edozein ekimenek laguntza jaso dezake”.

Horrez gain, federakuntzak zehaztu du pertsona fisikoek zein juridikoek izango dutela proiektuak aurkezteko aukera. Epea uztailaren 28an amaituko da, 14:00etan. Interesdunek, eskualde bakoitzaren landa garapenerako elkartearen posta-elektronikora bidali beharko dituzte deialdian eskatutako dokumentu guztiak. Gorbeialdeako (Arratia) eskualdearen posta helbidea honakoa da: gorbeialde@gorbeialdea.com.

Sariak

Deialdira aurkezten diren proiektu guztiak “ebaluazio batzorde kualifikatu” batek aztertuko ditu eta honek irailaren 30a baino lehen ebatziko ditu eskabideak. Batzorde horrek lau proiektu aukeratuko ditu 1.000 euroko laguntza bana jasotzeko.

Gainera, Caixa Banken laguntza-programa batean sartuko dira ekimenak. Sei hilabetez jasoko dute laguntza, besteak beste, euren negozio-planak eta horien hedapena berrikusteko, sektoreko enpresa erreferente batekin lan-saio bat egiteko, edo zabalkunderako eta marketin digitaleko plan bat sortzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide