Hasteko, Maied Urrutiak hiru argazki ibilaldi egingo ditu: lehena Santiago mendian izango da larunbat honetan, uztailaren 1ean; hurrengoa hilaren 15ean egingo dute Delikan; eta azkena Urduñan, La Txoza iturrian. Ibilaldiak Urrutiak berak gidatuko ditu eta azaldu du "naturaz gozatzeko zein argazkigintza ikasi eta praktikatzeko" pentsatu dituela. "Paseatzen dugun bitartean parte-hartzailei dinamika edo ariketa ezberdinak proposatuko dizkiet, arreta eta begirada lantzen laguntzeko, nolabaiteko argazkigintza kontzientea praktikatu dezaten. Bertan sortzen zaizkien eta etxetik dakarten zalantzak argitzeko prest egongo naiz, noski", gaineratu du antolatzaileak.
Bi orduko saioak izango dira eta bakoitzak 20 euro balioko ditu. Adingabeentzat doakoa izango da, baina heldu batekin joan beharko dira. Ez da beharrezkoa izango argazki makina berezia eramatea, sakelakoa ere baliatu daiteke, maila guztietara egokituko baitu jarduera.
Larunbatean ere gaueko saioa proposatuko du. Maroñoko urtegian izango da 20:00etatik 00:00ak arte. Kasu honetan, reflex makina, tripodea eta oinarrizko jakintza beharko dute parte hartzaileek ariketa zukutzeko. Prezioa 50 eurokoa izango da.
Uztailaren 22an, 10:00etatik 14:00ak arte, sakelako argazkintza tailerra deituko du Urrutiak eta interesdunek 50 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaro praktikoa izango da hasiberrientzat.
Maied Urrutiarekin harremanetan jartzeko eta izena emateko 645 72 64 84 telefono zenbakira deitu beharra dago edo maied.urrutiaparra@gmail.com helbide elektronikora idatzi.