Leticia Jimenez eta Miguel Burdallo izango dira Sumar alderdiaren Senaturako Arabako hautagaiak

Txabi Alvarado Bañares 2023ko uzt. 1a, 19:11

Leticia Jimenez eta Miguel Burdallo, gaur goizeko aurkezpenean. / Ezker Anitza IU

Leticia Jimenez izango da zerrendaburua, Aitor Abecia ordezkatuta. Miguel Burdallo bigarren postuan doa. 

Bi aiaraldear doaz Sumar alderdiak senaturako Arabatik osatutako hautagaitzaren buruan. Leticia Jimenez izango da zerrendaburua. Amurrioko bizilaguna bere herriko alkategaia izan zen Elkarrekin Podemos eta Guk Baik osatutako koalizioarekin azken Udal Hauteskundeetan:

Aitor Abecia ordezkatuko du Jimenezek. Berez, Zanbranako alkate ohia izango zen senaturako hautagaia, baina postutik kenduarazi zuten indarkeria matxista kasu bategatik epaituko zutelako (ostegunean jakin izan zen absolbitu zutela).

Bigarren postuan, aldiz, Miguel Burdallo dago. Laudioko auzokideak ibilbide luzea egin du politikan (PCE-EAKko militante gisa) zein sindikalgintzan (CCOOko ordezkari bezala). Bera ere, bere herriko alkategaia izan zen Elkarrekin Podemosekin, duela lau urte: 

Aurkezpeneko hitzartzeak

Gaur goizean egin dute Senatu zein Kongresurako hautagaitzen aurkezpena Gasteizen, eta Aiaraldeko bi bizilagunek hartu dute hitza bertan.

Miguel Burdallok ekonomia izan du hizpide. Azken urteetan bizitako prezioen gorakadaz mintzatu da, eta salatu du langileek soldatek ez dutela tamainako igoerarik izan, “enpresa handiek balantze milioidunak aurkezten dituzten bitartean”. 

Horren aurrean, ekonomia “herritarren zerbitzura” jarri behar dela aldarrikatu du hautagai laudioarrak, “lan indarra saltzera behartua dagoen jendeak bere soldatatik bizi ahal izateko ezerri uko egin gabe”. 

Ekonomia eta kontziliazioa izan dituzte hizpide Miguel Burdallo eta Leticia Jimenezek euren aurkezpen hitzartzeetan, hurrenez hurren.

Horri lotuta, Yolanda Diazek (Sumar-eko buruak) ministro moduan abiatutako neurri ekonomikoak defendatu ditu Burdallok, lan erreforma barne: “Ez da berdina jendearen egoeraz kezkatuta dagoen gobernu bat edo enpresen balantzeez kezkatuta dagoen gobernu bat izatea”. 

Gauzak hala, kalera atera eta jendearekin hitz egiteko deia luzatu du Burdallok. “Zutik burkideak, gobernu bat dugu zuzentzeko!” esanez amaitu du bere hitzartzea.  

Leticia Jimenez, bere aldetik, Yolada Diazek azken egunetan komunikabideetan plazaratutako neurri batez mintzatu da: lan eguna ordubete murrizteaz. Neurri horrek kontziliazioan lagunduko lukeela uste du hautagai amurrioarrak: “Zuetako askori gertatuko zaizue, niri bezala, gimnasiora joan nahi duzuela, edo ileapaindegira edo kafe bat hartzera, eta ezin duzuela egin, ez duzuelako denbora librerik”.

Horregatik, aisialdirako eskubidea politikagintzan jorratu beharreko gaia dela defendatu du Jimenezek, eta aurka egin die proposatutako neurriaz “barre” egin duten pertsonei. “Ezin dena gertatu da herrialde honetan Europa osoan baino 100 ordu gehiago lan egitea bataz beste, Alemanian baino 300 ordu gehiago edo Frantzian baino 150 gehiago”. 

Azken lau urteetan Espainiako koaliziozko gobernuak eginiko lorpenak ere goraiapatu ditu zerrendaburuak, eta aldarrikatu du Sumar izango dela “euskal ezker aurrerakoiaren batasuna”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide