Inprentatik atera berri da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria. Ikasturteko azken zenbakia izango da honakoa, irailaren 14ean argitaratuko baitugu hurrengoa. Elkarrizketa eta erreportaje interesgarriz josita dago agerkaria. Horrez gain, uztaileko jaiei buruzko gehigarri berezia ere aurkituko du irakurleak aldizkariaren orrien artean.
Hamaika eduki
Erreportajeak, albisteak, elkarrizketak... orotariko edukiak bildu ditugu azken hamabostekarian. Aiaraldeko latsarrien inguruko erreportajea jaso dugu azalean. Izan ere, azken asteetan hainbat ekimen burutu dira latsarrietan egiten zen lana goratzeko. Hari horretatik tiraka, hain antzinakoa ez den langintza baten memoriak eta bizipenak berreskuratu ditugu erreportaje zabal batean.
Izen propioak ere badira agerkariko orrien artean, tartean Amaia Yaniz Basterretxearena. Laudion bizi zela zaletu zen Yaniz musika elektronikora. Bilbon bizi da orain, eta bertako eszenan murgilduta dago. Duela urtebete ekin zion musika pintxatzeari, eta panorama musikalaren inguruan hausnartu du Aiaraldea Komunikabidearekin.
Aiaraldea Jaietan
Udan murgildu berri garen honetan, eskualdeko auzo eta herrietako jaiak loratuz doaz. Hamabostekarian gehigarri berezia osatu dugu Tertangako, Arakaldoko, Erretes Lantenoko, Zuhatzako, Aretako, Luiaondoko eta Ugarteko jai egitarau guztiak irakurleen eskura jartzeko. Jaietako protagonistekin ere bildu gara, euren iritzi eta asmoen berri emateko.
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki eta kaleetan, doan.