ERREPORTAJEA

Latsarriak: kate-begi berriak memoriaren transmisioari

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 12a, 10:00

Cristina Dominguez, Ana Mari Alayo, Luis Padura eta Edita Udaeta Lanetnoko 'Museo Biziko' argazkiekin. / Aiaraldea.eus

Ez da mende erdi igaro Aiaraldeko emakumeek latsarri eta erreka bazterretan arropak eskuz garbitzen zituztela. Lan gordin hura gogora ekartzeko ekimenek memoria bizirik mantendu nahi dute belaunaldiz belaunaldi.

Kontu zaharra dirudi, baina ez da hain aspaldikoa. Garbigailuak etxe guztietara iritsi aurretik eskuz garbitzen ziren arropa, izara eta etxeko oihal guztiak. Etxeko zama guztia bere gain zuten emakumeen lana zen hura. Ohikoan, kolektiboan egiten zuten, auzokide guztiek batera. Lan astuna izanik ere, emakumeak elkartu eta elkar babesteko zuten espazio ez-misto bakanetakoa zen. Herri erdian zeuden latsarriak edota erreka bazterrak emakumeen arteko aliantza horren lekuko bilakatu ziren urte luzez.

Hain zuzen ere, emakumeek mende luzeetan utzitako aztarnak irudikatu zituzten ekainaren 25ean Agiñigako latsarriaren bueltan egindako ekitaldian. Duela ez hainbetse arropa garbitzeko erabiltzen zen espazio publikoa, herriko emakumeen historia goratzeko tokia bilakatu zuten, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Dozenaka aiarar batu ziren egitasmora, eta langintza ez hain zahar eta oinarrizko horren nondik norakoak berreskuratu zituzten.

Lantenoko museo bizia

Agiñigakoa ez da “antzina” arropa nola garbitzen zen erakutsi eta berreskuratzeko Aiaran egindako saiakera bakarra. Duela 30 urte antzeko egitasmo bat egin zuten Lantenon, Luis Paduraren ekimenez. Cristina Dominguez eta Edita Udaeta dira latsarri-lanaren berreskurapenean parte hartu zutenetako bi. Bertan izan ziren ere, Editaren ama zena eta Cristinaren izeko zena ere. Cristinak amari ikasi zion xaboia egiteko prozesua, eta lekukotza hori eskaini zuen duela 30 urte egindako ekimenean, baita duela bi aste Agiñigan egindako ekitaldian ere.

“Saiatu ginen arropa garbitzeko erabiltzen ziren materialak biltzen; Kexaako komentuan zegoen latsarri pribatutik hainbat gauza ekarri genituen”

Hiru hamarkada geroago Aiaraldea Komunikabidearekin elkartu dira  Cristina, Edita eta Luis, Lantenoko auzokide den Ana Mari Alayoren laguntzaz.

“Lantenoko Eskolaren helburu nagusietako bat Aiarako gaiak lantzea zen”, oroitu du Luis Padurak. “Bide horretan, konferentzia ugari egin izan dira urte luzez bertan, lurrari lotutako gaiei buruzkoak nagusiki. Une batean ‘museo biziak’ egitea okurritu zitzaigun. Aspaldi Aiaran egiten ziren zenbait langintza berreskuratzea zen helburua. Ikazkinen inguruko erakusketa bat egin genuen, eta bere garaian ikatza egiten zuten herritar batzuek hartu zuten parte. Laia erakusketa bat ere egin genuen, laiariek erabiltzen zuten materialaren erakusketa batekin batera.”

Hurrengo urratsa latsarrietan edota erreka bazterretan arropa nola garbitzen zen eta xaboia nola egiten zen gogoratzen zuten emakume aiararrak batzea zen, eta horrela egin zuten. “Saiatu ginen arropa garbitzeko erabiltzen ziren materialak berreskuratzen. Kexaako komentuan zegoen latsarri pribatutik hainbat gauza ekarri genituen. Lixiba egiteko harria eta kubeta, aldiz, Lantenoko baserrietatik atera genituen”, azaldu du Padurak.

Material guztia bilduta eta prozesua nolakoa zen ondo ikertu ostean, praktikan jartzea eta antzeztea baino ez zuten faltan Lantenoko bizilagunek. “Dokumental txiki bat grabatu genuen. Lantenon ez zegoen latsarririk, eta errekan egiten zuten arropa garbiketa. Prozesu guztia jaso genuen bideoz eta argazkitan. Material guzti horrekin triptiko txiki bat argitaratu genuen, prozesua berreskuratzeko asmoz. Saraube udal aldizkariko 37. alean ere erreportaje bat eskaini zioten ekimenari. Urte batzuk geroago, Aunia aldizkari etnografikoan ere eman zuten gure ‘museo biziaren’ berri”, gogoratu du Luis Padurak.

Xaboiak eta lixiba

Garbiketa prozesuan ezinbestekoak ziren xaboi eta lixibak. Produktu kimiko komertzialen faltan, etxean egindako materialak baliatzen zituzten latsarri-lanean, belaunaldiz belaunaldi transmititutako tekniken bidez.

Xaboia koipea baliatuta egiten zuten. “Garai hartan ez genuen asko, txiroak ginen eta etxean zegoen apur guztia baliatu behar genuen. Horregatik sukaldatzeko erabiltzen genuen koipearekin egiten genuen xaboia. Olio birziklatuarekin ere egin ziteekeen, baina olioa urriagoa eta garestiagoa zen eta gehiago filtratu beharra zegoen”, oroitu du Cristina Dominguezek.

“Garai hartan ez genuen asko, txiroak ginen eta etxean zegoen apur guztia baliatu behar genuen. Horregatik sukaldatzeko erabilzten genuen koipearekin egiten genuen xaboia”

Koipeak askatutako likidoak burdinezko lapiko batean epeltzen zituzten. Bigarren lapiko batean, aldiz, soda kaustikoa eta ura berotzen zituzten. Tenperatura berdinera iristen zirenean hauek nahastu eta hoztu egiten zuten. Guztiz gogortu aurretik xaboi kuboak mozten zituzten. “Gaur egun modan jarri da berriro ere xaboiak egitea, baina orain askoz landuagoak dira. Leungarriak botatzen zaizkie orain, baita perfumeak ere. Nik teknika nire ama zenarengandik ikasi nuen, etxean egiten zen moduan.”

Editak herriko latsarrira joan beharrean etxe alboko errekan zegoen putzu batean garbitzen zituen arropak amarekin. Lixiba industriala baliatzen zen ordurako eta ez du gogoan lixiba errautsekin egiteko prozesua bizi izana. Izan ere, duela 90 urte utzi zioten lixiba errautsekin egiteari. Halaber, prozesu hori berreskuratzen saiatu ziren ere Lantenoko ‘museo bizian’.

Latsarriak Aiaraldean

Langintza ez hain zahar horren hamaika aztarna daude eskualdean barrena barreiatuta. Aiaran soilik hamar latsarri publiko baino gehiago daude; Kosteran, Añesen, Menagarain, Agiñigan… Beotegin, aldiz, bi daude. “Menagaraikoa oso ondo kontserbatzen da”, nabarmendu du Padurak. 

Erreka gertu duten herriak dira latsarria izan ohi ez dutenak: Lanteno, Erretes, Izoria, Zuatza… Erretesen arropak garbitzeko harri bat zegoela gogoratzen du Padurak, herriko errotatik gertu. Uholde batek eraman zuen.

Aiaran ez ezik eskualdeko gainerako herrietan ohiko egiturak ziren latsarriak. Lendoñobeitin bi zueden, bata Uria auzoan eta bestea Pozan. Laudion, esaterako, tren geltoki ondoan zegoen latsarria, eta oraindik ere kontserbatzen da egituraren parte.

Etxeetara ur-korrontea iritsi zenean utzi zioten gutxika gutxika latsarrietan eta erreka bazterretan arropa garbitzeari. Aspaldiko kontua dirudi, baina duela 50 urte gertatu zen hori.

“Amak lehenengo garbigailu horietako bat erosi zuen nire anaia soldaduzka egitera joan zenean.  Hormigoi-makina handi bat bezalakoa zen hura, eta oraindik ere errekara eraman behar genituen arropak urberritzeko”, azladu du Edita Udaetak.

Lan gordina

Astean behin egiten zuten arropa garbiketa, leku askotan ekintza kolektiboa zen eta herriko emakume ugari batzen ziren jardunean. “Gure herrian astelehenetan egiten zen garbiketa, eta asteazkenean beste emakume talde batek arropa guztiak lisatzen zituzten”, azaldu du Cristinak.

Luis paduraren ama Untzakoa zen; oraindik ere gogoan du nola jaisten ziren arropaz goraino kargatutako idi-gurdi batekin Altube errekaraino. “Egun osoa ematen zuten bertan arropa garbitzen. Garbitu ahala sastraken gainean uzten zuten dena lehortzen, eta iluntzerako guztia ondo tolestuta zutela bueltatzen ziren etxera”.

“Urte osoan zehar garbitu behar ziren arropak, baita neguan ere; berdin zion eguraldiak edota ura izoztuta egoteak, eskuak izoztuta eta sabañoiez beteta bueltatzen ziren etxera”

Lan gogorra zen. Arropa pila handiarekin kargatu behar zuten latsarriraino, baina gogorrena bertatik etxera bueltatzea zen, arropa hezeak bikoitza pisatzen baitzuen. Orduak eta orduak ematen zituzten arropak igurtziz. “Udan goxoagoa zen lana, baina urte osoan zehar garbitu behar ziren arropak noski, baita neguan ere. Berdin zion eguraldiak edota ura izoztuta egoteak, garbitu beharra zegoen. Neguan eskuak izoztuta eta sabañoiez beteta bueltatzen ziren etxera”. Bere gorditnatsunean, ordea, bazuen saretzerako eta elkar zaintzarako espazio izatearen sena. Herriko emakume asko elkartzen ziren bertan, eta orduak eta orduak ematen zituzten elkarrekin gauzak konpartitzen. “Neska gazteek oso gogoko zuten latsarri-lanetara hurbiltzea. Etxean aipatu ere egiten ez ziren kontuetaz mintzatzen ziren bertan emakume nagusiagoak. Gaur egungo ‘Sálvame’ zen hura”, gogoratu du Cristinak barre artean.

Memoriaren garrantzia

“Balioan jarri behar da emakumeek mende luzez egindako lan gogor hau”, aldarrikatu du Ana Marik, latsarrien esistentzia berreskuratzeak duen garrantziaz galdetuta. “Arropak garbitzea etxean egin beharreko lanen zerrenda luzeko atal bat baino ez zen. Seme-alabak zaindu behar ziren, ogia egin, bazkaria prestatu… Garai hartan ez zitzaion lan eskerga horri behar besteko baliorik ematen, orain dugu ardura hori gogora ekarri eta baloratzeko”.

Memoria gorpuztuz

Memoria kolektibo horri "gorputza jartzeko asmoz" dantza pieza sortzen ari dira Patas de Gansa kolektiboko Leire Sanjurjo eta Iratxe Bilabo sortzaileek. Egonaldia egin berri dute Faktorian, esku artean duten Larriak azpian proiektuaren esperimentazio fasean sakontzeko, baina oso argi daukate zer kontatu eta aldarrikatu nahi duten:  "Arte eszenikoen begiradatik jorratu nahi dugu latsarrien historia".

“Arte eszenikoen begiradatik jorratu nahi dugu latsarrien historia”

Arropa eskuz garbitzeak zuen "potentzia fisikoak" erakarrita murgildu ziren proiektuan; baina azkar ohartu ziren geruza gehiagok biltzen zutela latsarrien historia: "Bi ildo uztartuko ditugu latsarrien gaia lantzerakoan. Alde batetik, lanaren izaera fisikoa, zama eta gordintasuna. Bestetik latsarrietan emakumeek sortzen zuten elkar zaintza eta babeserako espazioaren esentzia. Eta asko interesatzen zaiguna ere zera da: nola herriaren erdian zegoen espazio batean inork ez igartzea bi aspektu horiek suposatzen zutena".  Dokumentazio lan handia egin dute, latsarrien inguruan gertatzen ziren ahalik eta ekintza gehien biltzeko.

Hortik abiatuta, tailer batzuk antolatzeko asmoa dute, dantza-pieza aurkezten duten herrietan belaunaldi desberdinetako emakumeak elkartu eta transmisioa bermatzeko: "Pieza honek bide asko ireki dizkigu, horren adibide dira orain abiatzen ari garen tailer batzuk. Gure asmoa herri desberdinetan adin desberdinetako emakumeak elkartzea da, gorputzaren bidez emakume nagusienen testigantzak eta bizipenak jaso eta belaunaldi gazteei transmititzeko.  Aurreikuspenen arabera, udazkenean aurkeztuko dute Larriak azpian pieza. Entsegu irekia eskaini zuten iragan astean Faktorian eta oso pozik daude egindako aurrerapausoekin: "Kanpo begirada bat ezinbestekoa dugu gure sorkuntza prozesua bideratzeko". Emaitza erakusteko irrikaz daude, memoriaren transmisioari kate-begi berri bat lotzeko.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide