ARGAZKIAK

Portugalen aurka neurtu dira Peio Garaio eta Urko Ruiz hockey jokalariak, Euskal Selekzioarekin batera

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 11a, 09:36

Belar hockeyko Euskal Selekzioa ordezkatu dute asteburuan Peio Garaio eta Urko Ruiz laudioarrek. Ganbegi taldeko jokalariak Portugalgo selekzioaren aurka neurtu ziren lagunarteko bi partidetan, eta I. Basque International Cup txapelketa irabaztea lortu zuten.

Euskal Selekzioa ordezkatzen Donostian eta Getxon egon dira Peio Garaio eta Urko Ruiz Ganbegi Hockey Taldeko jokalariak asteburu honetan. Euskal Selekzio absolutuak gizonezkoen zein emakumezkoen bi lagunarteko partida antolatu zituen Portugalgo selekzioaren aurka, I. Basque International Cup txapelketaren lehenengo edizioaren barruan. "Europako B Txapelketa prestatzeko bira bat egiten ari dira portugaldarrak, maila oso altuko taldea izan dugu aurrean", nabarmendu du Peio Garaiok, Gizonezkoen Euskal Selekzioko kide laudioarrak.

Ruiz eta Garaio ez ezik, aiaraldear gehiagok ere hartu zuten parte txapelketan. Jose Garcia arbitro lanetan aritu zen, Javi Angulo eta Susana Garcia ofizial tekniko gisa ibili ziren, Jone Muñoz idazkari nagusi lanak egin zituen eta, azkenik, Juan Cruz Lopez izan zen protokolo arduraduna. Hector Borge, Arabako Hockey Federazioko lehendakaria, izan zen txapelketako zuzendaria, eta Agustin Rojo Euskal Hockey Federazioko presidenteak ere hartu zuen parte bertan. Ordezkari politikoak ere bertaratu ziren, Ainize Gastaka Laudioko alkatea eta Nerea Gonzalez Laudioko kirol zinegotzia tartean. Eskualdeko zaleak ere ez ziren falta izan.

Berdinketa eta garaipena

Gizonezkoen norgehiagokaren kasuan, uztailaren 8an Donostian jarri ziren aurrez aurre bi selekzioak lehendabiziko aldiz, eta 2-2 berdindu zuten. "Lehenengo bi laurdenen ondoren, Portugalek 0-2ko emaitza zuen bere alde, baina Euskal Selekzioa hobeto jokatzen hasi zen, eta Julen Garciak lehenengo gola egin zuen", azaldu du Hector Borgek txapelketako zuzendariak. Berdinketaren golak, aldiz, Aiaraldeko sinadura izan zuen. Urko Ruiz gazteak sartu zuen, partida amaitzear zegoela.

Peio Garaiok euskal taldearen "maila altua" goraipatu du. "Bi entrenamendu saio egin ditugu aurretik soilik, lehenengo partidan oraindik ez genuen ondo ezagutzen elkar, baina ondo moldatu ginen".

Igandean -uztailak 9- Getxon jokatu zuten bigarren partida. 1-1 berdinduta agortu zuten denbora, baina Euskal Selekzioak garaipena eskuratu zuen shoot out penaltien txandan, 3-2 etxekoen alde. Garaipenari esker, I. Basque International kopa altxatzea lortu zuen etxeko taldeak. Garaiok selekzioaren barruan egondako "giro ona" azpimarratu du; "oso giro polita egon da taldekideen artean, esperientzia aberasgarria izan da".

Emakumezkoak ere garaile

Emakumezkoen Euskal Selekzioak ere I. Basque International Cup txapelketan hartu du parte Portugalgo selekzioaren aurka, eta euskaldunek "emaitza paregabeak" erdietsi zituzten joan-etorriko norgehiagokan. "Larunbatean 3-0eko emaitza ona lortu zuten. Igandean, gero eta hobeago jokatuz, 5-0eko emaitzarekin amaitu zen partida. Euskal jokalariak Portugalekoak baino maila altuago erakutsi dute asteburu osoan", azaldu du Borgek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide