Aiaralderako berrindustrializatze plan bat exijitu du Sumar koalizioak Laudion

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 12a, 16:00

Sumar koalizioko hautagaiak gaur Laudion. / Sumar

Laudiora bertaratu dira Sumar koalizioko hautagaiak, eskualdearentzako "benetako" berrindustrializazio-plan bat eta gazte-enplegurako plan bat aldarrikatzeko.

Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpaina betean murgildurik, Laudion egin dute geldialdia Sumar koalizioko Arabako hautagaiek. Gardeako industriagunean izan dira Guillermo Presa Espainiako Kongresurako zerrendaburua eta Leticia Jimenez senaturako hautagaia.

Aiaraldeak bizi duen egoera sozio-ekonomikoa salatu dute bi hautagaiek, eta administrazio publikoen esku-hartze handiagoa eskatu dute, baita berrindustrializazio-plan bat, gazte-enplegurako plan bat eta sektoreentzako laguntzak ere.

"Erakundeek modu aktiboan parte hartu behar dute lan-gatazketarako konponbideak bilatzen, Aiaraldekoak bezalako joerak geldiarazteko"

Guillermo Presa kongresurako zerrendaburuaren iritziz, "erakundeek modu aktiboan parte hartu behar dute lan-gatazketarako konponbideak bilatzen, Aiaraldekoak bezalako joerak geldiarazteko". Langileen ordezkarien eta enpresarien artean elkarrizketa mahaiak antolatzea "funtsezkoa" dela ere aldarrikatu du.

Hain zuzen ere, industrian eta lehen sektorean egin dute azpimarra Yolanda Diazen koalizio kideek eskualdearentzako proposamenak aurkezterakoan: "Benetako berrindustrializazio plan bat, gazte-enplegurako plan bat, larrialdiko laguntzak sektore kaltetuenentzat; esaterako ostalaritza, merkataritza eta kultura, eta gure denda eta baserritarren 0 kilometroko produktuen aldeko apustu irmoa".

Leticia Jimenezek nabarmendu du Aiaraldea "Euskadiko eskualde kaltetuenetako bat" dela, eta kezkaz erreparatu dio biztanleria galera nabarmenari: "Autoglass-Glavista, Tubacex, Abasolo tailerrak, Orozkoko Ama Mercedariasen egoitza, Laudioko hiltegia ixtea edo orain Tubo Reunidosentzat programatutako ERTE berria dira bizi ditugun desegite eta prekarizazio industrialeko kasuetako batzuk".

Aiaraldea suspertzeko berehalako jarduera plana ere kritikatu dute Sumarreko hautagaiek. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak 2022an onartutako plana "partxe" bat baino ez dela adierazi dute, eta azaldu dute "diru hori ez dela iritsi herritarrengana".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide