Atzo xanpain botilak irekita eta negar malko eta besarkaden artean ospatu zuten Osakidetzako garbiketako langile azpikontratatuek lan hitzarmen berriaren aurreakordioaren sinatzea. Poztasunez ospatu zutenen artean Lourdes Garmendia egon zen, laudioarra LAB sindikatuko ordezkaria baita sektorean -txio honetan botila irekitzen eta saltoka ikus daiteke-.
#LortuDugu !
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) July 12, 2023
✊ Osakidetzako garbiketako langileek hitzarmena lortu dute, besteak beste horrenbeste borrokatu behar izan duten homologazio printzipioa barne hartzen duena
🎉 Zorionak! pic.twitter.com/Urmjs0EW0G
Langileak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari euren aldarrikapen garrantzitsuenak lortu dituztela: homologazioa Osakidetzako langileei dagokienez, 2021etik sor zitzaizkien atzerapenen ordainketak edota txanda kontratuak.
Hala ere, atzo bertan ezusteko gogorra hartu zuten. "Asteburuan ikusi genuen hedabideetan Osakidetzak enpresen eskaerari baiezkoa eman ziola, baina aurreakordioa sinatzear zegoela. Enpresek adierazi zuten ez zutela sinatuko, ez baitzeuden ados atzerapenen atalaren erredakzioarekin", adierazi du Garmendiak.
Hiru orduko negoziazioen ondoren, ordea, aurreakordioa sinatu zuten eta poztasuna zabaldu zen Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzaren atean zeudenen artean.
Ia 100 eguneko greba
Dena den, sinadura lortu arte langileek egin duten bidea luzea eta malkartsua izan da. Ia 100 eguneko greba egin dute eta tarte horretan bizipen ugari izan dituzte. "Batzuetan nekatuta geunden eta besteetan baikor. Oso gorabeheratsua izan da. 5 urtez egon gara negoziatzen eta 50 bilera baino gehiago izan ditugu. Poliziaren presentzia itogarria izan dugu eta gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan dira. Hala ere, denbora horretan guztian aurrean izan gaituzte enpresek eta Osakidetzak, bien artean pasatzen baitzuten ardura erantzun gabe".
Halaber, Garmendiak borroka honek utzitako ondorioa azpimarratu du: "Garbiketako sektoreko langileok duintasuna daukagu soberan eta borrokak merezi du".