Espainiako Gorteetarako hauteskundeek irauli egin dute duela bi hilabete Udal eta foru hauteskundeek Aiaraldean utzitako emaitza. Lehen eta bigarren postuak turkatu dituzte EH Bilduk eta EAJk. EH Bildurena izan da zerrendarik bozkatuena Aiaraldean Espainiako Hauteskunde Orokorretan. Koalizio subiranistak botoen %29,63 eskuratu ditu, 6.861 boto guztira. Hego Euskal Herriko emaitzekin sintonian, lehen indarra bilakatu dira subiranistak Aiaraldean ere.
Kontrara, kolpea jaso dute jeltzaleek. 2019ko azaroko hauteskunde orokorrekin alderatuta, 2.138 boto galdu ditu EAJk. Guztira, 6.349 herritarren babesa jaso du, botoen %27,42. Hain zuzen ere, zerrenda jeltzalea izan da eskualdean botoak galdu dituen bakarra.
Halaber, alderdi abertzaleek jarraitzen dute nagusitasuna izaten Aiaraldean, botoen %57,05 eskuratuta.
Estatu mailako alderdiak
Igoera nabarmena izan duen beste alderdia PSE-EE izan da. Emaitzek erakusten dutenez, Pedro Sanchezen aldekoek mobilizazio handia lortu dute Aiaraldean. 2019ko hauteskundeekin alderatuta 1.340 boto eskuratu dituzte. Hirugarren indarra dira sozialistak eskualdean botoen %21,54 eskuratuta, guztira, 4.988 boto .
2019ko emaitzak berdintzea lortu ez dituena Sumar koalizioa izan da. Duela lau urte Elkarrekin-Podemosek lortu zituen botoetatik 1.169ra geratu da. Yolanda Diazek 2.377 bozka lortu ditu, hautagaitzaren estreinako hauteskundeetan.
Eskuineko blokean, aldiz, aldaketa gutxi izan dira azken hauteskunde orokorrekin alderatuta. VOXek 2019ko emaitzak berdindu ditu. PP izan da gorakada txikia jasan duena, 177 boto gehiago lortu ditu, bozka guztien %7,42.
Emaitzak herriz herri
Gutxi aldatu da Aiaraldeko mapa politikoaren kolorea. Udal hauteskundeetan lortutako emaitzekin alderatuta, duela bi hilabete zerrenda bozkatuenak izan ziren horiek irabazi dute berriro ere. Amurrio izan da salbuespena, non lehenengo aldiz EH Bilduk aurrea hartu dion EAJri. Jeltzaleek ia 500 boto galdu dituzte 2019ko hauteskundeekin alderatuta, eta bigarren indarra izatera igaro dira, botoen %26.70 eskuratuta.
EH Bilduk 256 bozka gehiago eskuratu ditu, 1.656 guztira, boto guztien %29,52. Gorakada izan duen beste alderdia PSE-EE izan da. Amurrioko hirugarren alderdiak 360 boto gehiago eskuratu ditu 2019an baino, guztira 1.290.
Gainerako udalerrietan, alderdi nagusia aldatu ez den arren, joera orokorrak islatzen duen botoen dantza berdina egon da. Laudion, esaterako, PSE-EE bigarren postuan jarri da, hirugarren postura jaitsi diren jeltzaleen kaltean. EAJk 885 boto galdu ditu 2019ko hauteskundeekin alderatuta. Lehen indarra izan den EH Bilduk, aldiz, 2.748 boto eskuratu ditu, 2019an baino 715 gehiago.
Urduñan, Orozkon, Aiaran eta Okondon jeltzaleena izan da zerrendarik bozkatuena, baina guztietan galdu dituzte bozkak 2019ko hauteskundeekin alderatuta. Artziniegan eta Arakaldon EH Bildu izan da bozkatuena.