Bi kontzertu eskainiko ditu Aiaraldean Arabako Antzinako Musika Asteak

Jone Gartzia Gerra 2023ko abu. 1a, 16:00

Irailaren 6an Juan de Anchietaren omenezko kontzertua eskainiko du KEA Ahots Taldeak Artziniegan. / KEA

Juan de Anchietaren omenezko Johannes de Anchieta, in memoriam saioa eta Farinelliren biolina emango dituzte Arteko Gure Amaren santutegian (Artziniega) eta Kexaako monumentu multzoan (Aiara), irailaren 3an eta 6an, hurrenez hurren. Bi saioak dohainik izango dira baina gonbidapena eskuratu behar da sartzeko.

Irailaren 1etik 10era bitartean ospatuko dute Arabako Antzinako 41. Musika Astea. Hainbat kontzertu, zinema emanaldi eta hitzaldi eskainiko dituzte ostiraletik igandera bitartean Arabako kuadrilla guztietan eta Trebiñuko enklabean, eta Txiki-astea haurrentzako programazio berezia ere eskainiko dute hiru egunetan.

Aiaraldeari dagokionez, Artziniega eta Aiara bisitatuko ditu ekitaldiak. Irailaren 3an, igandean, kontzertua eskainiko du KEA Ahots Taldeak Artziniegako Arteko Gure Amaren santutegian. Saioa 18:30ean izango da eta berezia izango da, Juan de Anchietaren omenez abestuko baitute, bere heriotzaren 500. urteurrena gogoratzeko.

KEA Ahots Taldeko kideek “antzinako musikaren euskal konpositore garrantzitsuena” den Juan de Anchietaren eta beste autore garaikide batzuen obrak interpretatuko dituzte Enrique Azurzak zuzenduta eta Oscar Rodriguez Pastora organo-jotzaileak lagunduta. Johannes de Anchieta, in memoriam izena jarri diote saioari.

Aiarara irailaren 6an, asteazkenean, helduko da musika jaialdia. Kexaako monumentu multzoan 19:30ean eskainiko dute Farinelliren biolina izeneko kontzertua Tercia Realidad eta Jorge Jimenezen eskutik. Broschi, Hasse, Porpora, Scarlatti eta beste zenbait konpositoreren musika joko dute. Gainera, bisita gidatuaz gozatzeko aukera egongo da kontzertua baino ordubete lehenago.

Aiaraldeko bi kontzertuak dohainik izango dira baina gonbidapena eskuratu behar da www.entradium.com helbidean. Programazio guztia hemen kontsultatu daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide