Ekhi Uriartek podium berria eman zion atzo bere taldeari Tafallan

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 7a, 22:37

Ekhi Uriarte Tafallako podiumean./ A. T. E.

Aiala Txirrindulari Elkarteko kideak hirugarren postua eskuratu zuen Nafarroan eta taldeko beste txirrindulari batzuk ere ihesaldietan sartu ziren.

Aiala Txirrindulari Elkarteko entrenatzaileek eta arduradunek hitz onak baino ez dituzte bere gazteentzat, indarrean dagoen denboraldian hainbat lorpenen protagonista izaten ari baitira.

Azkena atzo Tafallan izan zen. Ekhi Uriartek hirugarren postua erdietsi zuen sailkapenean eta horretarako gogor lan egin behar izan zuen. Izan ere, lasterketaren zati garrantzitsu batean berak bakarrik egin zuen aurrera, tropelak bera harrapatu arte.

Ahalegin horren ostean, berak eta Danel Gorostiagak lortu zuten beste ihesaldi batean eta azkenean hirugarren sartu zen helmugan Uriarte. Horrez gain, taldekako diziplinan irabazi zuten Aialako kirolariek.

Aiarako taldea menperatzen ari da denboraldia eta bere arduradunek goratu dute kadeteen jarrera: "Udako probetan txirrindulari gutxi ditugu, asko oporretan daudelako senideekin, baina lehiatzen diren bakoitzean oso ondo egiten dute".

Esaterako, uztailaren amaieran Iker Colmenero garaile izan zen Santa Ana de Puente Arca Sarian, eta Ion Egia Berangon. Gopegin, Colmenero izan zen irabazle eta Egia hirugarren.

Gauzak horrela, txirrindulariek ez dute etengo jarduna eta asteazkenean Asturiasera joko dute, Candamora, hain zuzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide