Eusko Jaurlaritzak aurreratu du bihar eguerditik aurrera alerta laranja piztuko duela. Izan ere, intsolazio handiak eta goi-presioek eragindako beroari, Afrikatik iritsiko den aire oso beroa batuko zaio, eta horrek, hego-haizeak eraginda, tenperaturak asko igotzea ekarriko du. Ondorioz, 39º-ko tenperaturak espero dituzte.
Gauean iraungo du beroak
Jaurlaritzak azaldu du gauean tenperatura altuak mantenduko direla hego-haizearen eraginez, eta ez direla 26-27 º-tik jaitsiko isurialde kantauriarrean eta 30 º-tik Arabako gainerako lurraldean.
Gomendioak
Edozein larrialdiren aurrean 112 telefono zenbakia baliatzeko deia zabaldu ez ezik, Eusko Jaurlaritzak honako aholku sorta zabaldu du herritarrek aintzat har ditzaten:
- Ongi hidratatu zaitez! Sarri edan ura eta likidoak
- Janari arinak jan: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
- Arropa lasaia, arina eta arnasa hartzen uzten duena erabili.
- Saiatu kalera ez irteten eta jarduera fisikoa ez egiten bero handiena egiten duen orduetan.
- Irteten bazara, burua estali eta itzaletik ibili.
- Etxea fresko eduki, eta pertsianak jaitsi eta leihoak itxi bero handieneko orduetan.
- Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
- Botikak toki freskoan gorde.
- Arreta berezia eskaini haur txikiei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden eta bularra ematen ari diren emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
- Bisita itzazu zure inguruko adineko pertsonak, bereziki bakarrik bizi badira.
- Inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
- Ordubetean baino gehiagoan luzatzen diren eta beroarekin zerikusia duten sintomak sentituz gero, osasun-laguntza eskatu eta leku fresko batean egon.
- Norbaitek konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi.