Gaurtik igandera bitartean Gasteizen ospatzen ari dira FesTVal telebista jaialdiaren 15. edizioa. Astebeteko programazioan, telebista lanak aurkeztuko dituzte, sektoreko hitzaldiak eta topaketak antolatuko dituzte, eta hainbat proiektu eta norbanako sarituko dituzte. Tokikom elkarteak jasoko du aurtengo EITB saria.
Alaitz Artolazabal elkarteko zuzendaria pozik agertu da euskara hutsezko hedabideek jaso duten aitortzagatik. “Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko", azaldu du. Era berean, Artolazabalek adierazi du aitortza horrekin EITBk agerian utzi duela “mundu mailan tokikoak hartzen ari diren lekua”.
Tokikomek Euskal Herriko euskara hutsezko tokiko 78 komunikabide biltzen ditu, izaera, ibilbide eta tamaina guztietakoak. Horien artean dago Aiaraldea Komunikabidea. Elkarteak “zero kilometroko komunikazioaren” aldeko apustua egiten du: “Informazioa bertatik betara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz”.
FesTValek argitu du Tokikomen bete duen hamarkadan agerian utzi duela “zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin”. Horrez gain, azpimarratu du “elkarlan eredu berriak” ezarri dituela, besteak beste EITBrekin, “sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.
Tokikom elkarteak berak azaldu duenez, elkarlan horien artean daude “'Primeran' ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen 'Saretzen' proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko dugun irrati-kolaborazioa, partekatu ditugun jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea, etab.”.
FesTVal jaialdiaren sari banaketa larunbat honetan izango da, irailaren 9an, Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan.