101 irudi jaso ditu jadanik Aiaraldea Komunikabideak antolatzen duen Udariklik udako argazki lehiaketak, baina azkenengo esprintean gehiago heldu daitezke. Izan ere, irailaren 15ean, hau da, ostiralean, agortuko da lanak bidaltzeko epea.
Horren ostean, astebeteko tarteari ekingo dio webguneak, bisitariek euren irudi gogokoenak bozkatu ditzaten bi kategorietan; Mundua eta Aiaraldea, hain zuzen.
Atal bakoitzeko hamar argazki bozkatuenekin Maied Urrutiak eta Josu Zaldibarrek osatutako epaimahaiak erabakiko du zeintzuk diren irabazleak.
Eskualdeko atalean gailentzen denak El Lio jatetxean bi lagunentzako 60 euroko afaria izango du. Mundua kategoriako onenak, ostera, Trebiñu Sagardotegian 70 euroko menua izango du.
Argazkiak bidaltzeko modu anitzak daude. Zuzenena da norberak bere irudia lehiaketan argitaratzea esteka honetan. Edonola ere, erredakzioa@aiaraldea.eus helbidera ere bidali daitezke, baita sare sozialetan #Udariklik traola aipatuta ere. 688 848 152 telefono zenbakiak (Whatsapp zein Telegram aplikazioak baliatuta) ere balio du horretarako.
Gogoratu beharra dago irudiarekin batera euskarazko izenburua zehaztu behar dela.