Amurrioko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan bildu dira gaur Arabako zein Bizkaiko hainbat politikari Laia Arabako emakumeen jabekuntza eskolak 2023-2024 ikasturterako duen programazioa aurkezteko. Zehazki, Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza saileko foru diputatua, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidentea eta Aiaraldeko berdintasun teknikariak izan dira aurkezpen ekitaldian, eskualdeko udalerri arabarretako eta Urduñako zein Orozkoko hainbat ordezkarirekin batera.
Bertan entitate guztiek “berdintasunarekiko eta emakumeen ahalduntzearekiko” duten konpromisoa berretsi dute. Joana del Hoyok esker onak adierazi dizkie Aiarako Kuadrillari, Aiaraldeko Udalei, bertako berdintasun teknikariei eta mugimendu feministari urtean zehar egiten duten lanagatik.
Egitaraua herriz herri
Jarraian, udalerrietako ordezkariek 2023-2024 ikasturtean Laia eskolaren barruan beren herrietan egingo dituzten jarduerak azaldu dituzte. Aurkezpenaren anfitrioiek hartu dute lehen hitza, Amurrioko ordezkariek. Azaldu dute urriaren 20an eta 21ean egingo dituztela Laia eskolaren lehen ekintzak, hirigintza feministari lotuta. Col-lectiu Punt16 kooperatiba gonbidatu dute ostiral eta larunbatean hitzaldia eta lantegia egiteko. Horrez gain, azaroaren 18an hiru bakarrizketa feminista hartuko ditu Amurrioko antzokiak, “indarkeria matxista umorez salatzeko”.
Orozkoarrek bi ekintza aurkeztu dituzte. Lehena, Adirane Azkuenaga argazkilari eta aktibista feministak Kultur Etxean emango duen argazkigintza ikastaroa, Auto-ezagutza eta ahalduntzea argazkigintzaren bidez izenekoa. Urriaren 19an eta 26an eta azaroaren 9an, 16an, eta 23an egingo dute Kultur Etxean. Bigarrena, urtarrilean abiatuko duten Lodifobia, koipe matxinada lantegia izango da. Laura Galar Perez de Onralta hezitzaile eta militante lodi transfeministak gidatuko du eta hau ere Kultur Etxean izango da, astearte arratsaldetan.
Urduñan hiru ikastaro iragarri dituzte. Lehena urriaren 7an izango da, Maitena Monroy indarkeria matxistan trebatutako fisioterapeutak emango duen autodefentsa feminista ikastaroa, hain zuzen. Azaroaren 23an, ostegun arratsaldean, mikroantzerki eta biodantza lantegia egingo dute eta, azkenik, martxoaren zortzian Galdutako gakoaren bila izeneko ihes gela antolatuko dute urduñarrek.
Artziniegan, ostera, Emakume migratzaileen ahalduntze gunea jarriko dute martxan urrian eta azaroan. Hajar Samadi gizarte langile, aktibista eta trebatzaileak koordinatuko du. Horrez gain, urtero bezala, Zinegoak LGTBIQ+ zinema jaialdiaren film laburren proiekzioa antolatu dute maiatzaren 17an.
Okondon helburu zehatz batekin prestatu dute lantegia, herriko talde feminista eratzea eta Aiaraldeko sare feminista indartzea. Horretarako, Emagin elkartearen laguntza jasoko dute eta inguruko herritarrei ere luzatu diete parte-hartzeko gonbita, "prestakuntza eta estrategia bateratuak partekatzeko aukera izateko". Bestalde, gazteei zuzendutako Hilerokoa ezagutzen eta errespetatzen lantegia antolatuko dute martxoaren 2an, Saioa Hernandez sexologo eta berdintasun teknikariak lagunduta.
Aiaran urriaren 21ean oinarrizko brikolaje lantegia egingo dute, emakumeei askotariko oinarrizko konponketak egiten irakasteko. Arespalditzako Emakumeen Gelan izango da eta Carmen Melchor iturgintza, gas eta berokuntza instalatzaileak emango du. 2024ra begira, otsailaren 10etik ekainera bitartean hilean bi larunbatez emango dituzte Norberaren maitasuna, askatasunaren giltza izeneko biodantza lantegiko saioak. Bestalde, martxoaren 9an Maitena Monroy Arespalditzan egongo da autodefentsa ikastaroa ematen.
Laudion Irakurketa Errazeko Klub feminista jarriko dute martxan lehen aldiz. Urriaren 17tik aurrera asteartero elkartuko dira herriko liburutegian Natalia Jimenez Euskadiko Irakurketa Errazeko kideak lagunduta. Estreinako aldiz martxan egongo den beste lantegi bat Chi Kung: gure bizi-energia hobetzen izango da. Txinako medikuntzako arte honek "lagundu egiten digu gure gorputzarekin konektatzen, bizi-energia indartzen, estresa murrizten, gorputz-jarrera hobetzen eta emozioak harmonizatzen". Idoia Eizmendi berdintasun teknikari, kazetari eta mugimendu feministako kideak emango du urtarrilaren 12tik otsailaren 16ra bitartean, ostiral arratsaldetan, Lezeaga Aretoan. Azkenik, otsailaren 24an Maitena Monroy Laudion egongo da autodefentsa feminista ikastaroa emateko.
Horrez gain, aurten bigarrenez Laudioko Laia eskola antolatuko dute herrian. Aurkezpena irailaren 26an izango da, 18:30ean Lezeaga Aretoan. Virginia Imaz Quijera pailazoaren Akelarre antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Eta gehiago...
Herriz herrikakoak aipatuta, Aiarako Kuadrillak antolatu dituen ekintzei erreparatu behar zaie. Castresana presidenteak bi ekimenen berri eman du. Batetik, irakurle-klub feminista, euskaraz eta gaztelaniaz egingo dutena. Euskarazkoa Laudioko liburutegian egingo dute hileko hirugarren asteazken arratsaldetan, eta online jarraitzeko aukera ere egongo da.
Bigarrenik, azaroaren 4an emakume bidaiarien inguruko solasaldia antolatuko dute Artziniegan Eskualdeko Berdintasun Topaketen barruan.
Aipatutako ekintza horietaz guztiez gain, ikasturtean zehar berdintasunaren aldeko jarduera gehiago egingo dituztela adierazi dute udalerrietako ordezkariek, bereziki azaroaren 25aren eta martxoaren 8aren inguruan.