Kalitatearen eta kopuruaren artean hautatzera behartuak egon dira txakolingileak aurtengo uzta jasotzeko orduan, eta lehenengo ezaugarriaren alde egin dute, eurek azaldu dutenez.
Izan ere, bi aste barru ekin behar zioten mahats bilketari, baina, irailean jasotako euriak direla eta -"oparoa eta batzuetan bortitza"- astelehenean hasi ziren lehengaia jasotzen.
Berez, euriek eragindako hezetasunak arriskuan jarri du uzta eta, horregatik, urriaren 17ra arte mahatsa bilduko dute. "Zalantzarik gabe, ekoizpenaren beherakada gertatuko da, baina uste dugu neurri horrekin kalitate mailari eutsiko diogula, kopuruaren kalterako bada ere", azaldu du Jose Antonio Merino Arabako Txakolina Elkartearen gerenteak.